Lehen jabe zirenak gabe geratu dira

Santurtzin 27 familia zortzi urtez daude etxe baten zain. Eurena eraikitzaile bati eman zioten, trukean berria jasoko zutelakoan. Tartean, alokairurako laguntza ere kendu diete.

Elkarretaratzeak egin dituzte, konponbide eske. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Santurtzi
2015eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Euren etxebizitza zena desagertuta, haren jabetza galduta eta beste baten gastuak ordaintzen. Egoera horretan daude Mamariga auzoko 27 sendi inguru, Santurtzin (Bizkaia). Duela zortzi urte eraitsi zizkieten ordura arte bizitoki izandako eraikinak, orubean Carmelo Merinoren Promotora Santurtziarra enpresak berriak eraikiko zituelako. Duela lau urtetikbizi behar zuten etxe berrietan; hala berbatu zuten. Baina oraindik ingurua hutsik dago, eta ez dakite noiz arte.

Auzia zaharra da. 1998an Santurtziko Udalak hirigintza plana onartu zuen. «Gure etxeak zeuden inguru hori kanpoan utzi zuten, biziberritzeko-edo», gogoratu du Iñaki Kasaresek, AGR-207 orubeko etxegabetutako sendien bozeramaileak. «Gozo bizi ginen gure etxeetan, ez genuen espekulatzeko asmorik». Ez zuten ezetz esateko aukerarik, ordea. «Eraikitzeko asmoz enpresaren bat etorriz gero, harekin akordioa lortzera behartuta geunden. Bestela desjabetu egingo gintuela mehatxu gintuen udalak». Halako batean agertu zen: Carmelo Merinoren Promotora Santurtziarra. Jabe guztiekin akordioa lortu zuen: etxe zaharra berriaren truk. Gainera, hileko 480 euroko laguntza emango zieten, tarte horretan beste baten alokairua ordaindu ahal izateko.

2007ko apirilean udalak eraisteko baimena eman zuen, nahiz eta oraindik eraikitzekoak falta ziren. Bizilagunek ikusten zuten obrak ez zirela sekula hasten. Azkenean, hedabideen bitartez jakin zuten enpresan aldaketak egon zirela. Jabyer Fernandezen —Iurbenor auzian zigortutako enpresaria— bazkide zen Carmelo Merino, baina haserretu egin ziren, eta sozietatea erdi bana egitea erabaki zuten. Esku artean zeuzkaten obrak banatu zituzten. Santurtzikoa Fernandezen Promotora Mamarigari egokitu zitzaion.

Erantzule asko

Etxebizitzak eraikita egon behar zuten sasoia heldu zenean, alokairurako diru laguntzak jasotzeari utzi zioten bizilagunek. «Antza denez, Laboral Kutxak ordaintzen zizkigun, obra egiteko eskatutako kredituaren barruan zegoelako. Eta, gurekin harremanik izan gabe, laguntza hori kendu zigun». Baina hori ez da finantza erakundeari leporatzen dioten bakarra. Diotenez, Jabyer Fernandezi inolako kontrolik barik utzi zioten dirua ateratzen, obra horiekin inolako hartu-emanik ez zuten beste batzuk ordaintzeko. Hala, sei eta zortzi milioi arteko zuloa sortu zen. Horregatik, kutxak orubearen zati bat bahitu zion Fernandezi.

2013an, orubearen birpartzelazioa egiten hasi zen Santurtziko Udala; zati bakoitzaren jabea zein den zehazten. Ezinbesteko pausoa da beste norbaitek eraikitzeko. Laboral Kutxari berea esleitu zion, eta, jabetzarekin batera, zain dauden familiei etxea emateko ardura ere ezarri zion. Jada ez dira ezeren jabe. Udalak dio Laboral Kutxak Fernandezen ondasunak bahitu baditu hark zituen ardurak ere bere gain hartu behar dituela.

Laboral Kutxak ez zuen onartu birpartzelatze hori, eta administrazioak gelditu zuen. Orain beste birpartzelatze bat negoziatzen ari direla jakin dute. Baina irtenbidea aurkitu eta eraikitzen hasiko balira, lauzpabost urte itxaron beharko lukete etxeak gertu egoteko. «Ez gaude gehiago zain egoteko prest. Gurekin eseri eta negozia dezatela eskatzen diegu, kasuan-kasuan konponbide zehatzak aurkitzeko». Bozen aurretik alderdiekin bildu ziren; uste dute agintaldi berrian auziak irtenbideren bat izan dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.