Lehendakari abertzalea

Euskal Hirigune Elkargoko lehen lehendakari euskalduna izanen da Iriart. Orain, bestelako kudeaketa bat posible dela frogatzea izanen da haren ardura, instituzioa deszentralizatuz eta parte hartzaileagoa eginez.

Alain Iriart. PATXI BELTZAIZ
Alain Iriart. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko apirilaren 11
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ibilbide luzea du Alain Iriartek Ipar Euskal Herriko politika instituzionalean. Ezkerreko mugimendu abertzaleari atxikia izan zaio beti, baina, garaiaren arabera, etiketa abertzalea baztertu eta bere bidea egiteko hautua ere egin izan du. EH Baiko kidea da, eta Euskal Hirigune Elkargoko lehen lehendakari euskalduna izanen da.

Gaztetatik EMA Ezkerreko Mugimendu Abertzaleko kide izan zen, eta AB Abertzaleen Batasuna alderdian segitu zuen ondotik. 2001ean eskuratu zuen lehen aldiz kargu politiko bat, Hiriburuko (Lapurdi) auzapez izatea lortuta. Ordutik heldu dio aginte makilari.

2007an Euskal Herria Bai koalizioa sortu zen Ipar Euskal Herrian, mugimendu abertzalean orduan zegoen zatiketa gainditzeko asmoz. AB, Batasuna eta EA Eusko Alkartasunako kideak batu ziren, baina mesfidantza handia zegoen oraindik batzuen eta besteen artean. Urtebete geroago, kantonamenduetako bozak iragan zirenean —gaur egungo departamenduetako bozak—, Iriartek hautagaitza aurkeztu zuen Hiriburuko kantonamenduan, baina uko egin zion EH Bairen siglekin joateari. Ezkerreko abertzaleek beste hautagaitza bat jarri zioten parean; hala ere, gehiengoa lortuta, Pauerako bidea hartu zuen Iriartek. 2015ean, haatik, EH Bairen izenean eraman zuen hautagaitza Iriartek. Funtsean, 2017 arte atxiki zuen Pirinio Atlantikoetako departamenduko eserlekua: izan ere, Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenean, iragarri zuen bere jarduera Ipar Euskal Herriko instituziora mugatu nahi zuela.

Instituzionalki, ezkerreko abertzaleek azken urteetan izan duten ordezkari gorenetakoa izan da. 2012ko urrian, Ipar Euskal Herriko hautetsien ordezkaritza bat Parisen izan zen estatus bereziko lurralde elkargo baten sorrera negoziatzeko. Ordezkaritza hartako kide izan zen Iriart. ETAren armagabetzearen ondotik 2017ko uztailean Parisekin sortu zen solaskidetza taldeko kide ere izan zen.

Euskal Elkargoan ere lehen lerroko hautetsia izan da Iriart sorreratik. Lehen agintaldian, lehendakariorde izendatu zuen Etxegaraik, eta saneamenduaren eta euri uren kudeaketaren ardura eman —lehenago, Bil ta Garbi herriarteko sindikatuko buru ere izana zen Iriart—. Duela sei urte, lehendakarigai aurkezteko asmoa agertu zuen, baina EH Baik bidea moztu zion, Etxegarairen figura lehenetsita. Errobi-Aturriko poloaren ardura hartu zuen hala ere, elkargoaren batzorde exekutiboan lekua atxikita. Agintaldian zehar, ezkerreko abertzaleak bildu dituen Bil Gaiten talde politikoaren bultzatzaileetarik izan zen, eta haren izenean hartu du hitza behin baino gehiagotan, elkargoaren politika publikoetan hautetsiek erabakimen handiagoa behar zutela adierazteko.

Proposamen horrekin aurkeztu da aurten hautetsien aitzinera, eta espero gabeko emaitza lortu du, gainera. Orain, bestelako kudeaketa bat posible dela frogatzea izanen da haren ardura, instituzioa deszentralizatuz eta parte hartzaileagoa eginez. Hala, lurralde antolaketa berri bat plantan ezartzea izanen du erronka nagusietako bat, kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka hobea lortze aldera.

Azkenik, Ipar Euskal Herriaren izenean mintzatzeko ardura ere izanen du Iriartek. Parisen aitzinean lehenik, bilakaera instituzionala eta euskararen aldeko lege babesa defendatzeko, besteak beste. Baina baita Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin ere, Euskal Herria nazio gisa josteko. Lehen aldia da Ipar Euskal Herrian abertzale bat maila horretako kargu instituzional batera heltzen dela. Leku anitzetatik arituko zaizkio begira. Erakusteko aukera ere badu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA