Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia izan da goiztiarrenetako bat. Durangon (Bizkaia) bozkatu du. «Neurriek segurtasuna bermatzen dute», adierazi du. «Trena lau urtetik behin» pasatzen dela ohartarazi du, eta dei egin die herritarrei horretaz baliatzeko.
«Erantzukizunarengatik» bozkatzeko deia egin du EH Bilduren lehendakarigai Maddalen Iriartek. Durangon bozkatu du hark ere. «Egia esango duen gobernu baten alde» bozkatzeko eskatu du, eta «jendea zaindu eta jendearen osasuna eta berdintasunez bozkatzeko eskubide demokratikoa beste interes ororen gainetik» jarriko duen Jaurlaritza osatzeko.
«Gaur erabakitzen dugu zer osasun sistema nahi dugun etorkizunerako», adierazi du PSE-EEko hautagai Idoia Mendiak, Bilbon botoa ematerakoan.
Elkarrekin Podemos-IUko hautagai Miren Gorrotxategik Durangoko Zabalarra bozkalekuan eman du botoa. Esan du hauteskundeak «ezohikoak» direla, baina eguraldi txarrak beharbada herritarrak bozkalekuetara bultzatuko dituen itxaropena agertu du. Bozekin «gauzen norabidea» aldatzeko aukera dagoela nabarmendu du.
Jose Ramon Becerra Equo Berdeak koalizioko hautagaiak esan du bozkatzea «segurua» dela. Bilbon eman du botoa, eta, nabarmendu duenez, botoarekin «erabakiko dugu krisi honetatik nola aterako garen».
«Segurtasuna» nabarmendu du PP-Ciudadanosen hautagai Carlos Iturgaizek ere: «lasaitasunez» botoa emateko eskatu du, eta ohartarazi du gaurko bozak «oso garrantzitsuak» izango direla datozen urteei begira.