Ekhi Erremundegi Beloki.

Lehendakari jantzia

2026ko apirilaren 14a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Noiztik da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Alain Iriart? Larunbatean izendatu zuten Ipar Euskal Herriko instituzioaren buru, 119 hautetsik haren aldeko botoa eman ondoren, baina lehenagotik darama karguaren jantzia.

2001ean sartu zen politika instituzionalean, Hiriburun (Lapurdi) herriko bozak irabazita. AB Abertzaleen Batasuneko kide izanik ere, zerrenda zabal baten buru aurkeztu zen. Eta funtsean, azken 25 urteetan erakutsi du ingurune anitzetako jendearekin elkarlanean aritzeko gaitasuna. Jean Rene Etxegarai abertzaleekin bateragarri gisara aurkeztu izan da maiz; Iriarti buruz ere erraterik bada bateragarria dela ez-abertzaleekin. Urteetan zehar, Ipar Euskal Herriko ingurune anitzetako hautetsien errespetua eta konfiantza lortu ditu. Badu hark ere bateratzeko gaitasuna, eta hala erakutsi du. 

Euskal Elkargoa sortu zenetik, lehen lerroko hautetsia izan da bertan. Elkargoa sortzeko gogoeta eta eztabaida guzietan parte hartu zuen, eta, gerora ere, behin baino gehiagotan egin ditu ekarpenak, barne mailan eta publikoki. Azken urteetan, Bil Gaiten talde politikoko eledun gisa jardun du. Maiz adierazi du ikuspegi kritikoa Etxegarairen kudeaketari buruz, baina beti hitz neurtuekin eta errespetuz, jarrera eraikitzaile batean mintzatuz. Hala, behin baino gehiagotan kokatu da Etxegarairen pareko, pixkanaka lehendakariaren jantzia bere eginez.

Bereziki aipagarria izan zen 2024ko otsailaren 17ko elkargoko biltzarra. Ohi bezala, eztabaida bizia izan zuten aurrekontuen norabideari buruz. Finantzen egoera hauskorra argudiatuta, Jean Rene Etxegarai orduko lehendakariaren taldeak ezinbestekotzat jo zuen zergak igotzea aurreikusitako inbertsioak finantzatzeko, baina talde politikoek ez zuten ontzat jo. Beste hainbaten adierazpenen artetik, aurreikuspenak berrikusteko proposamena egin zuen Iriartek, zenbakiak eskuetan, zerga igoerarik gabe aitzina egitea posible zela baieztatuta. Eta beste anitzetan bezala, jasotako kritika eta ikuspegi kontrajarriei gogor erantzun zien Etxegaraik, desadostasunak agertu zituztenei elkargoa zalantzan jartzeko borondatea egotzita.

Orduan, berriro hitza hartu zuen Iriartek, Etxegarairi zuzenduz, hautetsien funtzioa eta elkarrizketa defendatzeko. «Itzultzen naizenean, lankideak ikusten ditut; ez dut talde politikorik ikusten. Nire aitzinean, bisaia ezagunak ikusten ditut, lagunak; ez dut talde politikorik ikusten. [...] Aitzinkontu gai horiek hurbiletik segitzen ditut, elkargoan sinesten dudalako. Zuek bezala... hik bezala, Jean Rene. Eta jakin behar da entzuten egiten diren oharrak. [...] Debatea izan da, baina segitu dezagun mintzatzen». Txalo zaparrada batekin erantzun zion elkargoko biltzarrean ziren hautetsien gehiengo batek. Memento hartan, lehendakari bat zen, lehendakariaren aitzinean. «Menturaz hori zen inportanteena: erratea debatea behar zela, hautetsiek behar dutela leku gehiago, entzunak izan behar direla», adierazi zion BERRIAri aste batzuk geroago. «Ez dugu lehengo herri elkargoetan egiten genuen lana eginen, baina ez du erran nahi hautetsiak heldu direla bozkatzera urtean lau aldiz kasik txostenak irakurri gabe; parte hartu behar dugu. Eta uste dut hori sentitu dutela».

Oreka berriak

Ezkerreko abertzaleek bultzatutako zerrendek herriko bozetan izan dituzten emaitzek ordezkaritza zabalagoa ekarri diote hirigune elkargoan. Baina horrek bakarrik ez du esplikatzen EH Baiko kideak larunbatean lortu zuen babesa. Seguruenik Etxegaraik ez du ongi neurtu bere kudeaketak azken urteetan sortu dituen ezinegona eta haserrea. Botere zentralista, teknokratikoa eta klientelistaa gauzatzea leporatu dio batek baino gehiagok. Hautetsien parte hartzea eta lurralde oreka hobetzeko Iriarten proposamenak oihartzun baikorra izan du alde horretatik.

Eta abertzaleen irudia ere aldatu da. Ipar Euskal Herriko mapa politikoan haien presentzia normalizatu da, eta eremu anitzetan elkarlanean aritu dira beste hautetsiekin, hala nola azken hamar urteetan Euskal Elkargoan. Max Brisson LRko senatariak «ezker muturreko nazionalismoa» trapu bat bezala astintzen duenean, gutxik irudikatuko dituzte izenburu horren gibelean EH Baiko hautetsiak, eta are gutxiago Iriarten figura. Pentsa daiteke elkargoko hautetsien gehiengo batek nekez hauta lezakeela gaur egun EH Bairen boto paper bat; baina Iriart, abertzalea izanik ere, balizkoa zaie.

Eta zergatik ez dute Etxeleku hautatu? Zaila da baieztapenak egitera ausartzea, baina azalpen bat izan daiteke agintaldian  Etxegarairekin izan duen harreman gatazkatsua. Herri txikietako hainbat hautetsiren haserrea eta ezinegona bere eginez, oposizio frontalagoa egin du. Eta Etxegaraik ere gogor egin du haren kontra. Hainbat arlotan proposamen berdintsuak eginik ere —deszentralizazioa, hautetsien lekua...—, Iriarten figura bareagoa zen; aldaketa zen, baina segida batean. 

Lehendakari kargua harturik, Iriarten lehen lana izanen da erakustea jantzia ez zaiola handi gelditzen. Etxegarairen boterea kontsentsu batean oinarritzen zen, eta horri segida ematen asmatu beharko du, oreka berriak eraikiz. Hala, posible da, abertzale bat buru izanik, elkargoko hainbat hautetsik haren kontrako fronte bat osatzea, hala nola hizkuntza politikan, edo beste gai batzuetan orain arte ziren adostasunak zalantzan jartzea. Alde horretatik, bereziki garrantzitsua izanen da apirilaren 24an iraganen den elkargoko biltzarra, egun horretan bozkatuko baitituzte lehendakariordeak elkargoan, aitzinetik lurraldeetako poloetan egindako proposamenak oinarri hartuta. Zer leku eman Etxegarairi? Eta Etxelekuri? Kostaldeko eskuineko auzapezei? Orain arte Etxegarairen gehiengoan lekua izan duten barnealdekoei? Kontsentsuaren eta aldaketaren arteko oreka aurkitzea izanen da gakoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA