Lehengo urtean 654 pertsona artatu zituen Gipuzkoan Gizakia Helburuk

25 urteko jardunaren berri ematen duen lan bat plazaratu dute; 80ko hamarralditik aldaketa handia izan dela diote

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Gorakada igarri du igaro urteotan Izan fundazioak, Gipuzkoako Gizakia Helburu gidatzen duen fundazioak: drogaren mendeko kontsumoaren harira artatzen dituen pertsonen kopuruan hazkundea izan da. Izan ere, alkoholaren mendekotasunak jotako andre-gizonekin ere ari dira lanean azkenaldian, baita buruko eritasun larriak dituztenekin ere. Horrek ekarri du, batez ere, gorakada. Iaz, esaterako, 654 pertsona artatu zituzten. Izan fundazioko zuzendari Izaskun Sasietak jakinarazi zuen datua, atzo. Bide batez, erakundearen 25. urtemugaren karietara argitalpen berezi bat atera dutela azaldu zuen: Garai desberdinak (1985-1990/1991-1995/1996-2000/2001-2005/2006-2010). Bilakaera profesionala eta drogamenpekotasuna duten pertsonen eta beraien familien arreta.

Artatzen dituzten pertsonen soslaian izan den aldaketa aztertu dute lan horretan. 1980ko hamarkadan heroinaren kontsumoak irentsitako drogazaleen premien inguruan aritu ziren, batez ere. GIB birusak ere buruhauste handiak eragin zizkien; bizkor zabaldu zen eritasuna, eta pertsona ugari hil ziren hiesak jota. Aurrerago, 1990eko hamarraldian, tankera gehiagotako drogak hartzen zituzten pertsonak artatzen hasi ziren. Apurka-apurka, ondorengo urteetan, erabiltzaileetan beherakada igarri zuten.

Itxaro eta Eraiki

Hasierako urteetan artatzen ez zituzten pertsonei ere ateak ireki dizkiete azken urte hauetan. Itxaro programaren bidez alkoholaren kontsumoarekin arazoak dituzten lagunei ematen diete laguntza, eta Eraikiren bidez, berriz, buruko eritasun larriak dituztenei. Gizakia Helburu hainbat urtez heroinarekin arazoak zituzten pertsonei laguntzeko zerbitzutzat hartu bazen ere, urteekin ideia hori aldatu egin dela azaldu dute.

Adierazi dutenez, gaur egun Gizakia Helburura joaten diren pertsonen erdiak beren kaxara hala erabakita joaten dira, eta beste erdiak, berriz, familiak edo inguruko beste eragileren batek bultzatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.