Txinparta elkarteko kidea

Koldo Pla: «Lehentasuna eman nahi diogu Ezkabako presoen grafitiak babesteari»

Txinparta elkartea aitzindaria izan da gotorlekuari buruzko memoria lantzeko. Gaur egun, Defentsa Ministerioak hilean behin baizik ez ditu baimentzen bisitak. Plak uste du akordioak balioko duela bisitak «normalizatzeko».

Koldo Pla. JUANAN RUIZ / FOKU
Koldo Pla. JUANAN RUIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko maiatzaren 22a
13:48
Entzun 00:00:0000:00:00

Txinparta elkartea aitzindari izan da Ezkabako gotorlekuari lotutako memoriaren arloan. Eremu abandonatu hura ahanzturatik atera eta bertan gertatutakoa kontatzeko eta lurpetik ateratzeko lana egin du aspalditik. Koldo Pla (Piedramillera, Nafarroa, 1950) elkarteko kideak akordioari buruz hitz egin du BERRIArekin. Igandean, urtero legez, ekitaldia egingo dute, 12:00etan, gotorlekuko atari aurrean.

Zer balorazio egiten duzu?

Horren zain egon gara hamar urtez edo. Ailegatu behar zuen. Guri zuzenean ez digute ezer esan. Prentsan ikusi dugu, eta ez dakigu zer baldintzatan egin den akordioa. Badirudi jabetza Defentsa Ministerioarena izango dela. Orduan, ez dakit zer negoziatu duten. Pentsatzen dut Nafarroako Gobernuak izango duela aukera bisitak egiteko zenbait ordutan.

Nafarroako Gobernuak interpretazio zentroa egingo du, eta bisitak antolatuko ditu, baina Defentsa Ministerioa izango da tokiaren jabe.

Badakigu Nafarroako Gobernuak nahi zuela dena haren esku geratzea, baina finantzaketa ziurtatuz gero. Nola finantzatuko da? Hor dago eztabaida. Bitartean, berdin jarraituko du, eta kudeatzeko akordio bat izango da. Guk elkarrizketak izan genituen Nafarroako Gobernuarekin duela bizpahiru urte, baina gero eten egin ziren, eta ez digute ezer esan. Pentsatzen dut berriro deituko gaituztela.

Berandu etorri al da hau?

Bai. Adibidez, Botilen Harriarekin badugu proiektu bat, hasieran guk landutakoa eta gero Nafarroako Gobernuak moldatutakoa. Pasatu dira hamar urte egin genuenetik, eta ez dakit hor zer arazo dagoen.

Honek erakusten du memoriaren arloan maiz gizarte eragileak zaretela aitzindari, eta instituzioak atzetik joan ohi direla?

Oraingoan, bai. Nafarroan, 2015ean sartu zen aldaketaren gobernua, baina aurretik guk bagenituen Botilen Hilerrian desobiratze guztiak eginak, eta, horregatik, berandu ailegatu dira.

Gotorlekua toki enblematikoa da memoria historikoan, baina orain oso jende gutxi sar liteke.

Kultur intereseko ondare denez, noizbehinka bisitak baimentzera behartuta daude militarrak. Hilero, ostiraleko lehen orduetan, bisita pare bat egiten dituzte. Izena eman behar duzu, denborarekin, eta zerrendak osatzean egin liteke bisita, hilabete bat edo hiru itxaronda. Han egon ziren presoen senideekin saiatzen gara bisitak egiten, urtean bat edo bi. Guk gidatzen ditugu. Ez dira ausartzen esatera haiek gidatuko dituztela, besteei esaten dieten bezala.

Memoria proiektu hau garatzeak zer ekarriko du?

Uste dut erraztu egingo direla bisitak, eta aukera gehiago egongo direla. Nafarroako Gobernuak eskatuko du ikasleekin bisitak egitea Memoriaren Eskolak programaren bidez, haiek gidatuta. Normalizatuko dira bisitak, eskaera asko baitaude, eta zenbaitetan batzuek atzera egiten baitute. Hori normalizatu behar da: bisiten maiztasuna, nortzuk diren gidariak, eta ea egokiak diren egunak. Asteburuetan ere eman behar da aukera, orain ostiraletan bakarrik egiten baitira.

Zer eduki beharko da kontuan?

Negoziatu beharko da nondik nora egin beharko diren bisitak. Orain, nahiko murrizten dituzte eremuak. Uzten dute sartzen eta lur azpiko brigadetan egoten, baina goialdera gutxitan igotzen dira bisitak. Gero, gutxieneko zerbitzuak izan beharko dira; izan ere, gotorleku osoan ez dago komunik. Badirudi sarreran interpretazio zentro txiki bat jarri nahi dutela, plano eta argazkiekin, jendeak ulertzeko gotorlekuaren dimentsioa zenbatekoa den. Guztia ezin da bisitatu: leku batzuk moldatu beharko dira, arriskutsuak dira eta. Orain bada egin beharreko gutxieneko bat, baina luzera begirako proiektu bat egin behar da.

Zer eskatuko duzue?

Nafarroako Gobernuari proposatu genizkion gauza batzuk: bisiten baldintzak, eta zer garbitu. Lehentasuna eman nahi diogu bertako grafitiak babesteari —ziegetan presoek idazten zituzten mezuak, izenak...—. Penagarria da: oraindik ere jendea sartu egiten da, eta grafitien gainetik pintaketak egiten ditu. Hor altxor bat dugu, batik bat zigor geletan eta lur azpiko brigadetan: izenak, marrazkiak... Penagarria litzateke galtzea, eta arriskuan dago. Guk esan diegu: nahiz eta jabegoa ez itzuli, egin gutxieneko akordio bat grafitiak babesteko. Tokiak egokitu beharko dira.

Igandean ekitaldia duzue. Zer azpimarratuko duzue?

Urtero zerbait nabarmentzen dugu: ihesaldia, emakumeen rola, Botilen Hilerria... 2009an eta 2010ean, ekinaldi bat egin genuen Antsoain zendeako hamabi herritan, beharbada gisa horretako lehenengoa. Herri bakoitzak ofizialki aitortu zituen euren hilerrietan dauden presoak: «Badakigu hemen daudela, nahiz eta ez dugun horri buruz hitz egin, eta bada ordua hori egiteko». Hilerri guztietan jarri zituzten plakak izen-abizenekin. Herri bakoitzak omenaldi bat egin zuen, eta urteetako isiltasuna hautsi zen. Oso interesgarria izan zen, eta aurten gogora ekarri nahi dugu hori. Berregin ditugu plaka guztiak, eta gotorlekuan jarriko ditugu. Herrietako arduradunak egongo dira, eta hilerri bakoitzeko senideren bat. Horri emango diogu garrantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.