Memoria historikoko eragileen aspaldiko aldarrikapen bat errealitate bihurtuko da aurki. Ezkaba mendiaren tontorrean den gotorlekuaren jabea Espainiako Defentsa Ministerioa da, eta hilero bisita bakan batzuk baino ez ditu baimentzen. Etorkizunean, ordea, gotorlekuaren historia bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da. Izan ere, atzo, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak protokolo akordio bat sinatu zuten gotorlekua memoria gune bihur dadin.
Ikusi gehiago
Ezkabako gotorlekuak historia lazgarria du atzean. 1934tik 1945era bitartean, presondegi gisa erabili zuten. Batik bat 1936ko gerran, frankistek 6.313 preso izan zituzten bertan oso baldintza kaskarretan. 1938ko maiatzaren 22ko gauean, 795 presok gotorlekutik ihes egin zuten, eta ondorengo egunetan haiek harrapatzeko giza ehiza abiatu zuten indar frankistek. Soilik hiruk lortu zuten muga zeharkatzea. Gainerakoak atxilotu eta berrehun inguru fusilatu egin zituzten.
Urte guztiotan itxita egon da. Gotorlekua memoria gune izendatzeko prozesua luzea izan da, eta hura burutzeko azken urrats garrantzitsua falta zaio Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluari. Udaberrian egitea espero zen, eta, atzoko akordioa sinatuta, adierazpena onartzear dagoela ematen du.
2022ko Memoria Demokratikoaren legea onartzeko tramitazioan, EH Bilduk eta PSOEk hitzartu zuten Donostiako La Cumbre jauregia eta Iruñeko Ezkabako gotorlekua memoria gune deklaratzea. Bi kasuetan, baina, atzerapen handia egon da. La Cumbreren kasuan, Donostiako Udalak hasieratik egin zuen eskaera, eta berriki mozio bidez eskatu da «lehenbailehen» gauzatu dadila.
Akordioaren xehetasunak
Ezkabako gotorlekuaren kasuan, 2022ko urrian hasi ziren negoziazioak orain burutu dira. Akordioaren xehetasunak azaldu zituen atzo Ana Ollo lehendakariorde bigarren eta Memoria eta Bizikidetzako kontseilariak: «Defentsa Ministerioa izango da aurrerantzean ere gotorlekuaren jabea, eta haren esku egongo da kontserbaziorako neurriak hartzea; baina, aldi berean, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen du bertan interpretazio historikoko zentro bat egiteko».
Interpretazio zentro hori Nafarroako Memoriaren Institutuak landuko du, elkarte memorialistekin elkarlanean. Aditu independenteen aholkuak jasoko ditu, halaber. Zentro horrek kartzela hartako eremu enblematikoak nabarmenduko ditu: hala nola, guardiak egoten zireneko tokia, presoen patioa, lur azpiko brigadak eta uharkak, eta Botilen Hilerria.
Protokoloak zehazten duenez, Nafarroako Gobernuak herritarrentzako bisita orduak antolatuko ditu, eta ikastetxeetako haurrak joateko bisitak ere antolatuko ditu. Orain arte, Defentsa Ministerioaren baimena behar zen bertan sartzeko, eta bisita gidatu bakan batzuk baino ez dira egin. Berriki, Nafarroako Parlamentuak baimena eskatu du gotorlekua gaur egun nola dagoen bertatik bertara ikusteko.
Espainiako Kultura Ministerioak izango du proiektuari buruzko azken hitza, Espainiako Gobernua delako jabea eta kultur intereseko ondare delako. Ez da aurreratu interpretazio zentroa sortzeak zer finantzaketa izango duen eta nola banatuko den administrazio bakoitzaren ardura.
Gotorlekuaren historia
XIX. mendearen hondarrean eraiki zuten gotorlekua, militarki toki estrategikoan, Ezkaba mendiaren tontorretik hegoaldera Iruñerria kontrolatzen baita. Mende hartako azken gerra karlistak bultzatuta, 1878an ekin zioten eraikuntzari, baina, amaitu zutenerako, erabat urrun zegoen Nafarroan berriro karlistak altxatuko ziren mehatxua. Hasieran Alfonso XII.aren izena hartu zuen, baina Bigarren Errepublikaren garaian jarri zitzaion gaur egungo izena: Ezkabako gotorlekua.
Hain zuzen ere, Errepublikaren garaian bihurtu zen kartzela. Gerra hasi bitarte, 877 preso igaro ziren handik. Alta, militarrak Errepublikaren aurka altxatuz geroztik euren etsaien kontrako presondegi gisa erabili zuten frankistek. Oso baldintza gogorretan izan zituzten bertan presoak, eta jipoiak eta torturak ohikoak ziren. Gotorlekuaren parte bat lur azpian zenez, bertako ziegetan baldintzak are gogorragoak ziren —Brigada 1 deitzen zioten—: zoruan egiten zuten lo, ez zegoen mantarik, eta haren hormak, ur biltegitik gertu zeudenez, hezeak eta hotzak izaten ziren. Tuberkulosiak jota hiltzen ziren asko. Familientzat ere hara heltzea gogorra izan ohi zen, eta presoetako asko Nafarroatik kanpokoak izanik, are zailagoa. Aldi berean 2.500 preso ere izan zituen garai batean.
Ehunka preso hil ziren bertan, gaixotasunen, jipoien eta jazarpenaren ondorioz. Preso horiek inguruko herrietan lurperatzen zituzten, baina 1942tik kartzela itxi arte, Botilen Hilerria bezala ezagun egin den tokian 131 gorpu hobiratu zituzten. 2007an, Txinparta elkarteak lehen desobiratzea egin zuen, eta 2010ean Aranzadi elkarteak indusketa lanak egin zituen, eta 45 gorpu desobiratu zituen, familien eskariz —hain zuzen ere, gorpu horiek identifikatzea lortu zutelako eta sendiekin harremanetan jarri zirelako—.
Gotorlekua ezagun egin du 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldiak. Ongi antolaturiko preso talde batek kartzelako zaintzaileak desarmatu eta gotorlekua kontrolatu zuten: 795 presok egin zuten ihes, baina Iruñetik gotorlekurantz zihoan soldaduetako batek, gertatzen ari zenaz jabetu, eta abisu eman zuen. Ondorengo bi egunetan, gehienak harrapatu edo han bertan hil zituzten. Berrehun preso inguru fusilatu zituzten, eta, gaur-gaurkoz, haien gorpuzkiak bilatzeko lanak ez dira amaitu.