Gaur gauean argituko da Ipar Euskal Herriko hiru diputatuen aurpegia. Laugarren barrutian, Jean Lassalle (zentroa) eta Frantxua Maitiaren (PS) artean eginen da lehia; bosgarrenean, Jean Grenet (Alderdi Erradikala, UMP) eta Colette Capdeviellen (PS) artean; eta, seigarrenean, Michele Alliot-Marie (UMP) eta Sylviane Alauxen (PS) artean. 2007an eskuinaren eta zentroaren arteko taldeak irabazi hiru aulkiak eskuratzeko aukera badute aurtengoan sozialistek. Hain zuzen, aitzineko Legebiltzarrerako bozketekin alderatuta, UMP eta zentristek 31.320 boto galdurik eta sozialistek 16.447 irabazirik, lehen postuan kokatu ziren laugarren eta bosgarren eremuan. Seigarrenean, Alliot-Marie nagusitu bazen ere, Alaux hurbil zeukan, lau puntuk dituztela bakarrik bereizten —2007an 28 puntuko tartea zuten—. Dena dela, sozialistek abertzaleen botoak beharrezko izango dituzte irabazteko. 11.518 herritarrek bozkatu zuten EH Bairen alde lehen itzulian; gaurko ez du esan botoa nori eman ezkerreko abertzaleen koalizioak.
Laugarren barrutia
Afera tinkoenik jokatuko den barrutia izanen da seguruenik laugarrena. Lehen itzulian bost puntuz gailendu bazaio Maitia orain arteko diputatuari, Lassallek UMPko hautagaiak lorturiko %17,63 izango ditu, zati handi batean. «Oso tinkoa» izanen dela aitortzen dute biek. Abertzaleen botoak ezinbestekoak izanen ditu Maitiak zentristari nagusitzeko. Baina halakorik gertatuko denik ez da errana, EH Baik ez duelako zentzu horretara doan boz kontsignarik eman. Gainera, Lassalleren alderdiak koalizioak egin eskaerei erantzun baldin badio, hainbat aldarrikapenei begira konpromisoak hartuz, Alderdi Sozialistak ez du engaiamendurik hartu nahi izan. Biak dabiltza abertzaleak xarmatzen. «Abertzaleek hobe dute engaiamenduak hartuko dituen ni bezalako diputatu bat eta ez Alderdi Sozialistako jakobinismo gogorra», Lassalleren hitzetan. Maitia ere ariketa berean ari da: «EH Bai ezkerreko alderdia da, eta, lehen itzulian hautu abertzalea egin duten bezala, espero dut bigarren itzulian ezkerraren hautua eginen dutela. Sozialistek hitza ematen dugu hemengo gaiak eramanen ditugula Parisera». Lehen itzuliko emaitzak begiraturik, ezkerreko boto guztiak bilduz gero, Maitiak irabaziko luke, 25.800 boto lortuz; eta Lassallek 25.523 bilduko lituzke. Baina, erran bezala, EH Bairen 3.492 botoen zati bat ez du lortuko, eta besteetan ere batzuek zuri bozkatuko dute.
Bosgarren barrutia
Azken hamar urteetan UMPkukan aulkia atxikitzea zaila izanen zaio Jean Greneti. 1997an bezala, azkar sentitu dute uhin arrosa, eta baliteke orduan bezala sozialistek irabaztea. Capdevielle gailendu zaio lehen itzulian, zazpi punturen tartearekin. Bost urtez, 6.464 boto galdu ditu Grenetek, eta nahiz eta Jacques Veunac hautagai zentristak eta Jean-Jacques Lasserre zentristak haren alde bozkatzera deitu, ez zaio nahikoa izanen. Eskuin aldera begiratuz, Fronte Nazionalak bildu %7,14 ere ez zaizkio nahikoak izanen. Grenetek dio emaitzak «uste baino tinkoagoak» izanen direla; dena dela, Capdevielle gainditzea zaila izanen zaio.
Seigarren barrutia
Seigarren boz eremuan ere afera tinkoa izanen da, eta 1993az geroztik Michele Alliot-Marieren eskutan dagoen aulkia eskuratzeko, ezkerreko eta abertzaleen boto guztiak beharrezko izango ditu Sylviane Alauxek. Horrela gertatuz gero, irabaz lezake doi-doietarik. Baina, boto guztiak ez ditu ukanen. Barrutia trabeska lezakeen AHTaren defendatzaile sutsua da sozialista, eta elementu hori gogoan ukanen dute anitzek bozkatzeko orduan. Gaurkoa baikorki ikusten du Max Brisson UMPren departamenduko idazkariak: «Uhin arrosa sentitu arren, 1997an bezala Alliot-Mariek irabaziko du; boto erreserbak dauzkagu eskuinaldean».
Abstentzioa
Lehen itzulian, %40k ez zuten bozkatu, eta gaur parte hartze handia izanez gero, gauzak alde batera edo bestera makurraraziko dituzte joan den igandean botoa eman gabe egondakoek. Horiek konbentzitu nahian aritu dira hautagaiak.
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren itzulia
Lehia biziko bigarren itzulia Ipar Euskal Herrian
Lassalle eta Maitia, Grenet eta Capdevielle eta Alliot-Marie eta Alauxen artean eginen da lehia bozen bigarren itzulianUhin arrosa sentiturik, PSk 2007an baino aukera handiagoa du nagusitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu