Leioako asto probetako animalien jabeak zigortu ala ez aztertuko du Bizkaiko Aldundiak

Iazko abuztuaren 22an eta 24an izan ziren asto probak, San Bartolome auzoko jaietan. Aldundiaren arabera, animalien jabeek ez zituzten haiek garraiatzeko nahitaezko baimenak izapidetu.

Asto probak, Leioan, artxiboko irudian. BERRIA
Asto probak, Leioan, artxiboko irudian. BERRIA
14789412 kepa
Leioa
2026ko otsailaren 17a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz abuztuaren 22an eta 24an egin ziren asto probak, Leioako San Bartolome auzoan (Bizkaia). Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak, ordea, zera jakinarazi dio bertoko Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformari: «Ez dago inon jasota parte hartu zuten animaliak jatorriari eta osasunari buruzko agiria zeukatenik, abereen mugimenduen berri emateko nahitaezko izapidea». Horrek 600 eta 3.000 euro arteko isunak ekar diezazkieke astoen jabeei. Eta aurreko bi urteetan irregulartasunik egon ez bada, ohartarazpen bat baino ez. Horiek horrela, Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak Aldundiari eskatu dio egiazta dezala astoen jabeek berdin jokatu duten aurreko urteetan.

Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformak urteak daramatza San Bartolome auzoko jaietako asto probak debekatzeko eskatzen. Iaz, ordea, irregulartasunak sumatu zituzten, eta aldundiaren gardentasun atarira jo zuten, argibide eske. Nekazaritza Sailak bide hori erabili zuen urtarrilaren 20an erantzun bat emateko: «Abeltzaintza Zerbitzuan ez da inon ageri parte hartu zuten animalietatik batek berak ere jatorriari eta osasunari buruzko agiria zeukanik, eta horrek dagozkion zehapen jarduera administratiboak eragingo ditu».

Indarrean dagoen araudiaren arabera, abere bakoitzak identifikatuta egon behar du, eta joan-etorriak administrazioan erregistratu behar dira, osasun kontrolerako eta trazabilitaterako oinarrizko neurri gisa, Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak nabarmendu duenez. «Gainera, aldundiak otsailaren 5ean berretsi zuen asto bakar batek ere ez zuela ekidoak garraiatzeko indarrean den txartela; kirol ekitaldi edo lehiaketetarako animali horiek lekuz aldatzea ahalbidetzen duen dokumentua, alegia». Irregulartasun horrek esan nahi du Espainiako araudia ez dela betetzen, animalien osasun eta kontrolari dagokionez, gaineratu dutenez.

Aurreikusitako zigorrak

Zazpi lagun daude zigorra jasotzeko arriskuan: abere mugimenduen berri ez emateak 600 eta 3.000 euro arteko isunak ekar diezaioke bakoitzari, baina litekeena da ohartarazpena baino ez izatea aurreko bi urteetan irregulartasunik egon ez bada. Dena den, baliteke zigorra handiagoa izatea aurreko urtetan ere jokabide bera izan dutela frogatzen bada.

Bitartean, plataformak ontzat jo du aldundiak 2025ean beste animalia probarik baimendu ez izana Leioan: «Horrek esan nahi du urte osoan ez dela idi probarik egin, lehen noizean behin egiten baitziren Ondizko probalekuan».

Sinadura bilketa, azken txanpan

Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformak sinadurak batzen ari da oraindik, udalari eskatzeko San Bartolome jaietako asto probak ken ditzala, eta horien ordez abereen sufrimendurik gabeko jarduerak egin.

Azpimarratu dutenez, «ekimena udalerrian erroldatutako adinez nagusiko pertsonen %10ek izenpetu behar dute; 3.000 sinadura inguru». Orain arte 2.600 herritarrek sinatu dute. Beraz, «prozesua osatu» eta proba horiek 2026an ez egiteko deia egin die plataformak leioarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.