Leioako enpresa bateko langile bat hil da, biltegian istripu bat izan ostean

ELAk salatu du azaroaren 2an lan istripu bat izan zuela beharginak, eta hilaren 8an hil zela, ospitaleratuta egon ostean. Sindikatuak jazotakoa argitzeko eskatu du.

Lan heriotza bat salatzeko mobilziazioa, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Lan heriotza bat salatzeko mobilziazioa, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
2026ko azaroaren 10a
18:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Miab enpresak Leioan (Bizkaia) duen lantegiko behargin bat hil zen azaroaren 8an, sei egun lehenago enpresaren biltegian istripu bat izan ostean. Sindikatuak azaldu duenez, ez dira heriotzaren arrazoi zehatzak ezagutzen, eta, hain zuzen horregatik, gertatutakoa argitzeko eta lantokiko segurtasun baldintzak egiaztatzeko eskatu du.

Sindikatuak azaldu duenez, azaroaren 2an beharginak istripu bat izan zuen enpresaren biltegian, inbentario lanak egiten ari zela. Haren ondorioz, ospitaleratu egin zuten, eta azaroaren 8an hil zen.

ELAk babesa eta elkartasuna adierazi dizkie hildakoaren senideei eta gertukoei, eta auzia «lehenbailehen» ikertzeko eta heriotzaren arrazoiak argitzeko eskatu du. Era berean, sindikatuak neurriak nahi ditu berriro halakorik ez gertatzeko eta erantzukizunak argitzeko. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzari exijitu dio «enpresen segurtasun baldintzak kontrolatzeko eta zigortzeko baliabideak handitzeko».

Era berean, ELA kexu azaldu da patronalak absentismoaren inguruan duen «diskurtso faltsuarekin», eta inbertsioak eskatu ditu arriskuen prebentzioan. Hain zuzen, gogoratu du, sindikatuaren zenbaketaren arabera 48 direla 2026an Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz hildakoak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA