Heldu den astetik aitzina, leku publiko itxietan maskara erabiltzea baitezpadakoa izanen da Ipar Euskal Herrian. Hala adierazi du Jean Castex Frantziako lehen ministroak gaur goizean Frantziako Senatuan egin dituen adierazpenetan. Asteartean mintzatu zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea, eta maskara derrigortuko zutela erran zuen. Castexek agorrilaren 1a aipatu zuen data gisa, baina, gaur, aurreratu egin du. «Entzun dut eta ulertu dut agorrilaren 1eko data beranduegi zela; dekretua, bada, heldu den astetik aitzina sartuko da indarrean».
Gaur goizean, elkarrizketa egin diote Olivier Veran Frantziako Osasun ministroari, eta koronabirusaren epidemiaren hedapena aipatu du, beste behin. Haren hitzetan, Paris inguruan «keinu ahulak» antzeman dituzte; haatik, erran du egoera «arazotsua» dela Frantzia iparraldeko Mayenne departamenduan.
Herritarrei «adi» egoteko eskatu die Frantziako Osasun ministroak: «ez dut herrialdea berriz konfinatu nahi». Azken asteetan, pixkanaka iragarri ditu konfinamendutik irteteko neurriak Frantziako Gobernuak, eta, gaur egun, jarduera gehienak baimenduak dira, jende kopuru handiak biltzen dituztenak izan ezik.