Euskal presoak

«Lekuz kanpo» dauden pintaketa gehiago salatu dituzte EAJk eta PSEk

Lemoizko eta Arrigorriagako batzokietan eginiko pintaketekin, 28 dira EAJren egoitzetan egin diren molde horretako ekintzak. PSE-EEren Altzako egoitzan ere pintaketak egin dituzte, bigarren aldiz.

Arrigorriagako batzokia, gaur goizean. @EAJPNVBIZKAIA
2020ko ekainaren 2a
15:02
Entzun

EAJren Bizkai Buru Batzarrak «askatasunaren eta demokraziaren aurkako erasotzat» jo ditu bart gauean Lemoizko eta Arrigorriagako (Bizkaia) batzokietan eginiko pintaketak. Patxi Ruiz euskal presoaren eta «amnistia osoaren» aldeko mezuak irakur daitezke horietan. Antzeko mezu bat margotu dute PSE-EEren Altzako (Donostia) egoitzaren aurrealdean ere, bigarren aldiz hamabost egunean.

Jeltzaleek pintaketak «gaitzetsi» dituzte, eta egileei eskatu diete berehala geratzeko. Gainera, gainontzeko alderdi politikoei dei egin diete «gaitzespenera» batzeko, argudiatuta halako ekintzak ez datozela bat «egungo heldutasun politiko eta demokratikoarekin». EAJren esanetan, trabak jartzen dizkio «tolerantzian eta elkarbizitzan oinarritutako herri ereduari». Alderdiaren esanetan, 28 dira halako pintaketak jasan dituzten EAJren egoitzak.

Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere gogor kritikatu du bart alderdiaren Altzako egoitzan eginiko pintaketa, azken asteetan eginiko antzeko ekintzen «zerrenda luzeari» batzen zaiona. Patxi gudari. Amnistia. Hiltzaileak mezuak idatzi dituzte bart. «Hertsapen eta jazarpen kanpaina baten» parte den ekintza «onartezina» da, Anduezaren esanetan. EAJk bezala, hark ere lekuz kanpo daudela azpimarratu du, eta «zentzugabetzat» jo ditu: «Badirudi batzuek faltan botatzen dituztela dianak». Gaineratu du pintaketa horiek ez dutela oztopatuko euskal gizartea «etorkizun baketsu baten alde» egiten ari den bidea, eta ezker abertzalearen barruan «intolerantzia zoko bat» geratzen dela erakusten duela dio.

Barakaldoko Udala izan da pintaketak «gaitzesten» azkena. EAJren, PSE-EEren, PPren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin —EH Bilduk ez du babestu—, «pertsonen intimitatearen, askatasun kolektiboen eta demokraziaren aurkako eraso hauei gaitzespen osoa» adierazi diete.

Presoaren aldeko lehen pintaketak maiatzaren 14an agertu ziren EAJren eta PSE-EEren egoitzetan. Egun batzuk geroago, baita Idoia Mendia PSE-EEko Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaiaren etxe atarian ere.

Ruiz, 23 egun gose greban

Patxi Ruiz euskal presoak gose grebaren 23. eguna du gaurkoa, Murtzia II-ko (Espainia) kartzelako erizaindegian bakartuta. AEM Aministiaren Aldeko Mugimenduak atzo gauean adierazitakoaren arabera, Ruizen egoeran ez dago «berri aipagarririk», baina egunak pasa ahala presoaren osasuna «andeatzen» ari da.

Greba hasi zuenetik, mobilizazio ugari egin dira Ruizen egoera konpontzearen alde eta euskal presoentzat amnistia eskatzeko, bai beste preso batzuen aldetik, bai kalean. Babesa adierazten azkenetako bat Jarki antolakunde iraultzailea izan da. BERRIAri helarazitako ohar batean, dei egiten du Ruizen «borrokari babes politikoa» adierazten dioten mobilizazioetan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.