Lemoizko zentral nuklearretik gertu aparkaleku bat egiteko aukera aztertuko du Sprilurrek

Sozietate publikoak zentralaren dikea indartzeko lanak hasi nahi ditu, eta lizentzia lortzeko urratsak egiten ari da. Konpromisoa hartu du eremuaren ingurumen azterketa egiteko, eta hura lehengoratzeko plan bat aurkezteko.

Lemoiz izan zen Euskal Herrian aurreratuenegon zen zentral nuklear egitasmoa. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lemoizko zentral nuklearraren artxiboko irudia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
inaut matauko rada
2025eko uztailaren 14a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lur industrialaren kudeaketarako Eusko Jaurlaritzaren sozietateak, Sprilurrek, zera adierazi du, Lemoizko zentral nuklearraren inguruan (Bizkaia) 200 ibilgailurentzako aparkaleku bat egin ahal izateko azterketei ekingo diela. Azaldu dutenez, Lemoizko aurreko udal gobernuarekin hasitako lanketa aktibatu du berriro. Lemoizko Armintza auzoan aparkatzeko «arazo larria» dagoela esan du Sprilurrek, eta arazo hori konpontzeko helburua izango duela aparkalekuak. Lemoizko zentral nuklearraren sarreratik Armintzako hondartzara hiru kilometroko errepide zatia dago.

Inoiz martxan jarri ez den zentral nuklearraren ingurunea berritzeko lehen urratsa izango litzateke hori. Sprilurrek azaldu duenez, aparkaleku hori egitea bideragarria den edo ez aztertu ez ezik, zentralaren inguru osoan ingurumen azterketa bat egiteko konpromisoa hartu du. Hasieran, «ingurunean nagusi diren espezie inbaditzaileak ezabatzeko», eta horren ostean, «zentral zaharraren ingurune osoko Ingurumena Lehengoratzeko Plan bat gauzatzeko»; azken hori, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzarekin lankidetzan.

Sprilurrek azaldu duenez, egitasmo horien oinarrian, sozietatearen eta Lemoizko Udalaren artean egindako akordio batzuk daude. Sprilurrek bidali duen prentsa oharrak jasotzen duenez, udalak konpromisoa hartu du Sprilurri zentral zaharraren dikea egonkortzeko lanen lizentzia emateko, «baita etorkizunean bestelako enpresa jardueren ezarpena errazteko ere». Lemoizko Udalekoek, ordea, ñabardura garrantzitsuak egin dizkiote baieztapen horri.

Jesus Mari Arizmendi alkateak (EH Bildu) BERRIAri esan dionez, printzipioz, ez du arazorik ikusten zentralaren dikea indartzeko lanei lizentzia emateko. Bideratuta ikusten du auzi hori, nahiz eta oraindik sozietateak dokumentazio bat entregatzeko duela adierazi duen. Dikea sendotzeko, haren kanpoaldean hormigoizko «bloke erraldoi» batzuk pilatuko dira.

Prozesu parte hartzailea

«Beste gauza bat da zentralaren eremu horretan zer egin», esan du Arizmendik. Nabarmendu du udalaren ustez «prozesu parte hartzaile baten beharra» dagoela, eta gogorarazi du ekainean eskari hori bera egin zuela Uribe Kostako Mankomunitateak. Eusko Jaurlaritzari dei egin zion eztabaida hori bultzatzeko, eta EHUri eskatu zion metodologia bat landu dezala prozesu «zabal, askotariko eta inklusibo bat» garatu ahal izateko.

Alkateak begi onez jo du Sprilurrek ingurumen azterketa bat egitea zentralak hartzen duen eremuan. Sozietatearekin izan duten bileretan udalak eginiko eskarietako bat izan da hori. Arizmendik azaldu du Eusko Jaurlaritzaren esku daudela inguru horretako 180 hektarea, eta zenbait tokitan espezie inbaditzaileak zabalduta daudela. Esaterako, panpa-belarra oso hedatuta dagoela ohartarazi du. Erreka zuloak, berriz, «nahiko ondo» daudela uste du, eta horiek babestu egin beharko liratekeela.

Aparkalekuari dagokionez, Arizmendik aitortu du Lemoizko Armintza auzoan aparkaleku falta dutela, eta bereziki nabaritzen dela auzoko jaietan edo Txapel Reggae jaialdian; eta, orokorrean, uda sasoian. Karmengo jaiak etzi hasiko dira Armintzan, eta larunbat honetan egingo da reggae jaialdia. Udalak zentralaren ondoko eremu bat aparkaleku gisa erabili ahal izateko baimena eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta erantzunaren zain dago.

Uda sasoirako ere baliagarria ote den galdetuta, alkateak erantzun du epe luzeagoetarako zabaltzeak beste arazo batzuk konpontzea eskatzen duela. Adibidez, parkingetik auzora arteko garraio publiko zerbitzua jartzeko aukera aztertu beharko litzatekeela uste du, erabiltzaileak batetik besterako errepide tartea oinez egin behar ez izateko.

EAJren kritika

Sprilurrek aparkaleku berria egin ahal izateko prozesua abian jarriko duela iragarri duen egunean, Lemoizko EAJk ohar bat kaleratu du; Armintzan autoak aparkatzearen aferari lotutako arazoak plazaratu ditu, eta EH Bilduk gidatzen duen Udal Gobernua kritikatu. Laburbilduz, Lemoizko Udalak «aparkalekuak kudeatzeko daraman sistema» kritikatu du, uste baitu ez dela ez eraginkorra, ez koherentea.

Alderdi jeltzalearen esanetan, herrikoak ez diren gidari askok egoiliarrentzako erreserbatutako lekuetan aparkatzen dute, baita espaloietan eta aparkatu ezin den lekuetan ere; horrenbestez, oinezkoak errepidean ibiltzera behartuta daude. Horrez gain, arau hauste horiek egiten dituztenei behar baino isun gutxiago jarri dizkietela nabarmendu dute; EAJren arabera, isunetan 30.000 euro kobratzeari utzi dio udalak. Hori dela eta, EAJk udal gobernuari eskatu dio arazo horiek konpontzeko neurri eraginkorrak martxan jartzeko. Sprilurrek egin duen iragarpenari buruz ez du ezer adierazi alderdi jeltzaleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.