Euskara tituluak homologatzeko dekretua onartu arte, LEP Lan Eskaintza Publikoetako euskara probak atzeratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Idoia Mendia bozeramaileak zehaztu duenez, lanean ari dira dekretua azaroan onartu ahal izateko.
Lehendik ere bazen euskarazko tituluak homologatzeko dekretu bat indarrean. Baina eskola ofizial batzuetako tituluak aitortzen zituen soilik, beste batzuk kanpoan utzita. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetako eta Madrilgo maila goreneko euskara tituluak onartzen zituen bakarrik. Hori dela eta, CCOO sindikatuak helegitea aurkeztu zuen, titulu guztiek garrantzi bera izan zezaten eskatuz. Uztailean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak helegitea onartu, eta dekretua baliogabetu zuen, eta, hala, titulu guztiak baliorik gabe utzi zituen.
Orain bi aste Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak dekretu berria «laster» onartuko zutela adierazi zuen; eta berehala jarriko zela indarrean. Datorren astean egingo den lan eskaintza publikoaren aurretik indarrean egongo zela ziurtatu zuen, «prozesu horretan euskara titulu guztiak onartuak izan daitezen, eta lan eskaintza publikoan inor kaltetu ez dadin». Dekretuaren «garrantzia» ere azpimarratu zuen Auzmendik. «Titulu guztiek garrantzi bera izatea lortuko dugu».Gainera, iragarri zuen Ipar Euskal Herrian ematen duten EGA titulua ere ofizialki onartuko dela. Orain, EEP Euskararen Erakunde Publikoak egiten du azterketa hori, eta lehen, aldiz, Euskaltzaindiak.
Dekretuaren onartzea, ordea, atzeratu egin da. Azaroan indarrean sartzea espero du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Mendiak lasaitasun mezua bidali nahi izan die lan eskaintza publikoak egingo dituztenei. «Dekretua onartu arte ez da euskara azterketarik egingo». EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretua baliogabetu zuenean ere hainbat herritar jarri ziren harremanetan Jaurlaritzarekin, egoerarekin kezkatuta.
LEPetako euskara probak atzeratu ditu Jaurlaritzak
Azaroan onartuko dute euskara tituluak homologatzeko dekretua, eta oraindik ez da azterketarik egingo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu