Herenegun hilda aurkitu zuten Victoria Strauss Medellingo aktibista transa. Aurtengo apirilean hil dute Sara Millerey emakume transa, Kolonbian hura ere. Carlos Torres gizon transa, berriz, Poliziak atxilotu zuen, eta handik ordubetera jakinarazi zuten bere buruaz beste egin zuela. Nork eman dezake aurpegia, beraz, herrialde hartan? «Pribilegio batzuk dituen horrek», esan du Cristina Gonzalez Hurtado Corporacion Femm taldeko kideak. Hala ere, aste honetako gertakaria ikusita, ñabardura bat egin du: «Strauss Medellingo aktibista ospetsuenetako bat zen; badirudi jada ez duela axola nolabaiteko errekonozimendua izateak». Hortaz: «Kolonbian publikoki nabarmendu zaitezke, baina ikusgaitasunaren kostua zeure gain hartuta».
Erbesteari eta LGTBI ikusgaitasunari buruzko jardunaldi batzuk antolatu ditu Aldarte LGTBI pertsonei arreta eskaintzen dien zentroak, Bilbon. Bertan izan da Gonzalez, eta Kolonbiako egoera jarri du mahai gainean. Peruko, Hondurasko eta Senegalgo egoerak ere aurkeztu dituzte Marivel Saldaña Torres Articulacion de Lesbianas Feministas de Lima taldeko kideak, Nely Amaya Hondurasko Mujeres Diversas taldeko kideak eta Peulh —izen hori erabiltzen du aktibista gisa— Senegalgo aktibista feministak. Amaya eta Peulh online konektatu dira. Betty Lachgar Marokoko LGTBI aktibista ere agertzekoa zen, baina bi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote orain gutxi, «Ala lesbiana da» idatzia zuen kamiseta janzteagatik.
Herrialde bakoitzak bere egoera duen arren, hainbat puntutan bat egin dute hizlariek. Gonzalezek bezala, Marivelek eta Amayak uste dute Perun eta Hondurasen «ikusgaitasuna aukeratzea pribilegio bat izatea» dela. «Hori aukeratzeak ondorioak ditu, onerako zein txarrerako», adierazi du Amayak.
Saldañak erantsi du ikusgaitasuna aukeratzeak edo ez aukeratzeak zerikusia duela «pertsona hori hierarkian dagoen mailarekin». Izan ere, nabarmendu du Latinoamerikako herrialdeak «oso hierarkizatuta» daudela. Kolonizazioan du horrek jatorria: «Kolonia arrazializazioan oinarritzen da; arrazak asmatzeak deshumanizazioa ekarri zuen, eta hori genozidioa, bazterketa eta espoliazioa justifikatzeko tresna izan da». Saldañaren hitzetan, gaur egun «pentsamendu koloniala bizirik» dago, eta oraindik ere hierarkia kategoriak existitzen dira. «Nor dago goian? Zuriak, heterosexualak... Eta behera eta behera goaz».
«Aktibismoaren eta erresilientziaren bidez sortutako borrokari esker, norbait izateko aukera daukagu»
PEULH Senegalgo aktibista feminista
Senegalen, berriz, «zaila» da publikoki agertzea, Peulhek azaldu duenez. Are gehiago: «Senegalen giza eskubideak errespetatzen direla esan arren, ez da egia. Horregatik, nortasun faltsu bat izan behar dugu, eta horrek estresa eragiten du». Aktibista feministak zehaztu du «ezkutuan» egiten dutela lan, eta «aktibismoaren eta erresilientziaren bidez sortutako borrokari» esker «norbait» izateko aukera dutela.
Hiriak eta landa eremua
Herrialdeetan bertan ere diferentziak daude eremuen arabera. Landa eremuetan egoera zailagoa da LGTBI pertsonentzat, hiri handietan baino. Kolonbian, esaterako, ez da gauza bera lau hiri nagusietan bizitzea —Bogota, Medellin, Cali eta Barranquilla— edo landa eremuan bizitzea. «Bogotan homosexuala izan zaitezke, baina handik hamar kilometrora, Soacha izeneko udalerri batean, emakume trans bat hil egingo dute agian».
Hondurasen ere «konplexuagoa» da egoera landa eremuan, Amayak jakinarazi duenez. Azaldu du toki horietarako sarbidea txikia dela, eta informazio falta dutela. Izan ere, esan du hirietan elkar entzuteko eta antolatzeko aukera dutela; landa eremuetan, berriz, ez. Horiek horrela, esan du lanean ari direla landa eremuetara iristeko, «behar handiagoa baitago halakoetan». Ohartarazi du toki horietan eliza gehiago daudela eskolak baino. Izan ere, «urte politikoan» sartuta daude, azaroan hauteskunde orokorrak izango dituztelako; eta, hori dela eta, «martxa erlijiosoak» antolatu dituzte, «denak Bibliako moraltasunaren arabera» jarrai dezan.
«Era kolektibo batean lagundu behar diogu elkarri; horretarako, kidea ulertu behar dugu, eta haren minen, borroken eta erresistentzien berri jakin»
MARIVEL SALDAÑA TORRES Articulacion de Lesbianas Feministas de Lima taldeko kidea
LGTBI komunitatearen parte izateak herritar ugari behartu ditu desplazatzera Senegalen, Peulhek esan duenez: «Jendeak ihes egin behar du». Hain justu, aurkezleak hizlariei galdetu die zeintzuk diren gaur egungo erronkak, eta Peulhek argi esan du: «Bizirik jarraitzea». Horretarako, «nortasuna ezkutatu» eta «ikusezin jarraitu» beharra dago. «Erronka da hemen geratzea, eta borrokatzea». Gizarte zibilarekin aliantzak sortzea ezinbestekotzat jo du, elkarrekin borroka daitezen.
Aliantzak indartzea. Hori bera eman dute erronkatzat Saldañak eta Gonzalezek. «Ikusi behar dugu ea nola sendotu aliantzak, eta nola ezarri elkarrizketak beste mugimendu batzuekin», esan du Saldañak. Are, zera aipatu du: «Militantziak salbatuko gaitu; gauden espazioan militatu behar dugu, era kolektibo batean». Izan ere, adierazi du «pertsonala politikoa» dela, baina baita «kolektiboa» ere: «Era kolektibo batean lagundu behar diogu elkarri; horretarako, kidea ulertu behar dugu, eta haren minen, borroken eta erresistentzien berri jakin».