Aurten ere indarkeria matxistaren aurkako prebentzioa eta kontzientziazioa sustatzeko kanpaina ondu du Gasteizko Udalak Santiago egunerako eta Andre Mari Zuriaren jaietarako. Libre izan nonahi leloa izango du aurtengo kanpaina instituzionalak. «Herritarrei eskatu nahi diet Santiago eta Andre Mari Zuriaren jaietan zero tolerantzia izateko jokabide errespetugabeekin. Indarkeria matxistaren aurkako borroka gizonen eta emakumeen talde lana da», adierazi du Ana Lopez de Uralde Gasteizko Berdintasun zinegotziak kanpainaren aurkezpenean.
Uztailaren 24an, Santiago egunaren bezperan, sentsibilizaziorako gunea instalatuko dute Aiztogile kalearen eta San Frantzisko aldaparen arteko bidegurutzean. Bertako langileek arratsaldeko zortzietatik gauerdira arte eskainiko dute arreta, gazteen joan-etorri gehien eta eragin handiena izaten duen ordutegian.
Gasteizko jaietan, berriz, Posta eta Independentzia kaleen artean egongo da indarkeria matxistari aurre egiteko jarduerei eta prebentzioari buruzko informazioa jasotzeko puntu morea: abuztuaren 4an, 17:00etatik 02:00etara; hilaren 5etik 9ra, 18:00etatik 02:00etara. Gune horietan merchandising «erakargarria» paratuko dute: jaietako zapiak, tatuajeak, abanikoak, eskumuturrekoak, liburuxkak, eta abar.
Horrez gain, udaleko beste sail batzuekin elkarlanean arituko dira egun horietan, besteak beste Udaltzaingoarekin eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin. Eta, hala, erasoak prebenitzeko eta halakoetan esku hartzeko jarduera plan espezifikoa izango du udalak, 24 orduz.