Ostia sareko lau kide epaituko dituzte martxoan andeatzeak egiteagatik

Lau kide atxiloaldian egon dira goizean, Ostia kolektiboaren iazko ekintza batekin lotura dutelakoan; auzia izanen dute heldu den martxoan. Elkarretaratzea egin dute eguerdian Baionan, eta arratsaldean berriz ere elkartuko dira, 19:00etan, Kanbon.

Elkarretaratzea Baionako komisaldegiaren aitzinean, Ostiako atxilotuen alde. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat - Xabier Martin
2023ko azaroaren 7a
09:41
Entzun

Frantziako Poliziak lau pertsona atxilotu ditu gaur goizaldean, lotura dutelakoan Ostia kolektiboak iazko abenduan egindako ekintza batekin. Arratsalde hastapenean gelditu dira libre. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu dio taldekako andeatzeak leporatzen dizkietela atxilotuei, Bouygues Immobilierren kaltetan: Marienea ez hunki lelopean, hogei bat lagun sartu ziren Bouygues Immobilierren Angeluko (Lapurdi) bulegora, eta lurrez estali zituzten bai bulegoa eta bai eraikuntza proiektuaren maketa. Zehazki, hauek dira haien kontrako karguak: «Etxebizitza baten maketa nahita andeatu izana, gainera ura isuriz eta pegatinak kolatuz», eta «Bouygues Immobilieren bulegoa andeatu izana lurrera lastoa eta lurra botaz, eta pegatinak kolatuz». Martxoaren 12an izanen da haien kontrako auzia, Baionan.

Jakes Bortairu izan da Baionan atxilotuetako bat, eta BERRIAri azaldu dio goizeko seietan Frantziako Polizia joan zaiela etxera, atxilotzera. Ondoren, polizia etxera eraman dituzte. «Momentuz ez dugu gauza handirik erraten ahal; polizia etxean entzunak izan gara, eta Baionako Auzitegiaren aitzinera deitu gaituzte datorren martxorako. Taldean egindako andeatzeak leporatzen dizkigute, eta horri gehitu zaio identifikazio probei uko egin izana —hatz markak, DNA eta argazkiak hartzea—». Erran du «goizegi» dela analisi bat egiteko, eta, tentuz hitz egin badu ere, testuinguru zabalago batean kokatu du atxiloketa: «Azkenaldian, mugimendu ekologisten kontrako errepresioa emendatzen ari da, Lurraren Altxamenduen debekua ere zintzilik da... Ez ditugu gauzak hanpatu behar, baina testuinguru hori ere bada».

Lapurdin izan dira gainerako atxiloketak. Itsasun atxilotu dute Filipe Laskarai; Kanbon Janine Beirie; eta Baionan Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre. Atxilotuak «berehala askatzea» galdegiteko, elkarretaratzea egin dute Baionako polizia etxean, 12:00etan, eta handik ordu gutira gelditu dira libre laurak. Hirurehun bat lagunek parte hartu dute protestan, eta, «atxilotuak askatu» oihu artean, Baionako Paulmy etorbidea ere moztu dute.

Ostia kolektiboko Joana Detxartek eta Luxi Detxartek erran dute Kanboko Marienean Bouygues Immobilier enpresak egin nahi duen «proiektu ustelaren kontrako» mobilizazio bat izan zela orduko ekintza, eta «Euskal Herrian laborantza herrikoiaren alde borrokatzea» zilegi dela aldarrikatu dute. Frantziako Estatuak beren jarduna «kriminalizatzen» duela uste dute, eta adierazi dute errepresioaren aitzinean «beldurrik ez» dutela: «Irabazi arte aitzina segituko dugu».

Antzera mintzatu da Maryse Cachenaut Lurzaindiko eleduna: «Aspaldi borrokan ari gara laborantza lurren zaintzeko. Kanboko Marieneko lurrak babesteko borroka hori karrikan eramaten dugu, baina auzitegietan ere». Esplikatu du Kanboko hirigintza planaren kontrako errekurtsoa pausatu zutela, eta, gainera, Bouygues Immobilierek egindako eraikitze baimenaren kontrako salaketa ere egin zutela. Azken prozedura hori oraindik auzibidean da: Cachenauten arabera, ondoko urte hastapenean iraganen da auzia. Adierazi du testuinguru horretan iragaten direla atxiloketa horiek. «Hala ere, ez dugu izutu behar, elkartasunez borrokan segitu behar dugu».

ELB sindikatuak agiri baten bidez deitoratu ditu goizeko atxiloketak, «neurriz kanpokoak» direlako: «Gogorki salatzen dugu gure sareko militanteak beldurrarazi eta erreprimitzeko helburua duten polizia interbentzio horien bortizkeria. Enpresa pribatu handi baten maketa bat defenditzeko Frantziako autoritateek plantan ezarritako errepresio medioen desproportzioa deitoratzen dugu». Gehitu dute Frantziako Estatuak «begiak hetsi dituela» enpresa berak «legez kanpo etxebizitzak eraiki zituelarik laborantza lurretan». Erran dute Frantziako Gobernuak bere baliabideak «interes pribatuaren mesedetan ezartzeko hautua egin» duela, «ondare kolektiboek jasandako erasoen kontra» jokatu ordez.

Atxilotuak libratu badituzte ere, Ostia kolektiboak, ELB sindikatuak eta Lurzaindiak ondoko mobilizaziorako deia egin dute: 19:00etan elkartuko dira, Kanboko herriko etxearen aitzinean.

Betoiaren ordez, lurra

Bouygues Immobilier promotorearen Angeluko (Lapurdi) egoitza lurrez eta lastoz bete zuen Ostia kolektiboak orain dela ia urtebete. Kanboko Marieneko lurretan 94 etxebizitza eraikitzeko proiektua salatu zuten modu horretan. Proiektu horrek «herritarren beharrei baino gehiago logika kapitalistari ihardukitzen diola» gaitzetsi zuten. Ekintza egin ondotik, argi mintzatu ziren: «Bouyguesi adierazi nahi diogu baldin eta egun batez Marienean obrak hasten baditu maketarekin egin duguna eginen dugula obrekin. Betoia ezartzen badute, guk lurra ezarriko diegu. Marienea ez dute eraiki behar, eta, horretan tematzen badira, jakin dezatela lanak blokeatuko ditugula».

Bouygues enpresak eraikuntza proiektu bat dauka Kanboko Marieneko laborantza lurretan: 94 etxebizitza eraikitzekoak ditu han. Salagoiti, Meyzenc eta Colbert familienak ziren lur horiek, eta hiru milioi eurotan saldu dituzte laborantza lurreko lau hektarea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.