Itziar Morenok eta Oier Gomezek, Frantziako Poliziak igande goizean Creuseko departamenduan atzeman zituzten bi ustezko etakideek, Limousingo polizia etxean jarraitzen dute. Atxiloaldia ostegunera arte luza dezake Poliziak; ostean, Parisera eramango dituzte, epailearen aurrera. Larunbatean, Vallerie inguruan, Creuse departamenduan, errepide kontrol batetik ihes egin nahian izandako tiroketan jendarme bat zauritzea egotzi diete ustezko etakideei. Frantziako Terrorismoaren Aurkako Zuzendaritzaordeak (SDAT) hartu du gertatutakoaren inguruko ikerketa.
Albiste agentziek Frantziako Poliziaren iturriak aipatuz zabaldu dutenez, ETAko gehien bilaturiko kideen artean zeuden biak ala biak, eta hainbat atentatutan parte hartzea egotzi diete. Poliziaren arabera, Gomez ETAk ustez Obidosen (Portugal) zuen gordelekutik ihes eginda jarraitzen zuen etakidea da. Gainera, duela hiru aste Frantzia erdialdean, Indre departamenduan, beste errepide kontrol batetik ihes egitea lortu zuela dio. Orduan, Jone Lozano ustezko etakidea atxilotu zuten. Morenori, berriz, 2008ko abenduaren 31n EITBren Bilboko egoitzaren aurka egindako atentatuan parte hartzea egotzi dio Poliziak.
Berri agentziek zabaldu dutenez, Frantziako Polizia Creuse departamenduko inguruak miatzen dabil, ustezko etakideen etxeren baten bila. Polizia «peritutza teknikoak» egiten dabilela diote berri agentziek, Poliziaren susmoa baita atxilotuek azpiegituraren bat izan dezaketela inguru horretan.
Jendarmea arin zaurituta
Larunbat arratsaldeko tiroketaren, ihesaldiaren eta ondorengo atxiloketen gainean Frantziako Poliziak eman duen bertsioa baino ez da ezagutzen. Horren arabera, larunbat arratsaldean Frantziako erdialdean dagoen Vallerie herriaren inguruan, Poliziak errepide kontrol batean gerarazi nahi izan zuen auto bat, baina hark aurrera egin zuen. Jendarmeen patruila bat atzetik joan zen, eta, Poliziak emandako bertsioaren arabera, ondoren Oier Gomez izenez identifikatu zuten ustezko etakidea tiroka hasi zitzaien.
Tiroketaren ondorioz, jendarme batarin zauritu zen, sorbaldan. Larunbatean bertan ebakuntza egin zioten Limousingo erietxean, eta, hango iturriek zabaldu zutenez, atzo bertan senda-agiria jasotzekoa zen.
Tiroketaren ostean, 50 bat kilometro gehiago egin zuten Gomezek eta Morenok, eta kotxeaCreuse ondoan dagoen Correzeko departamenduan utzi zuten. Ondoren, oinez egin zuten ihesi, Poliziaren arabera. Autoa utzi zuten tokian beste tiroketa bat egon zela dio Poliziak, baina inor ez zela zauritu.
Poliziak berehala martxan jarri zuen ustezko etakideak atzemateko operazioa, eta igande goizean atxilotu zituzten biak, hogei orduko ihesaldiaren ostean. Aipaturiko iturrien arabera, lehendabizi Gomez atzeman zuten, eta geroago Moreno. Creuseko bizilagun batek eman zion abisua Poliziari, ustezko etakideak herrian ikusi zituenean, taxi baten bila ari zirela.
Ustezko etakideak harrapatzeko, bilaketa operazio zabala egin zuen Poliziak: helikopteroak, basoan ibiltzeko auto bereziak, motorrak... Orotara, 300 bat poliziak hartu zuten parte.
Tiroketa eta atxiloketak Frantzian
Limousingo polizia etxean daude Moreno eta Gomez
Igande goizean atzeman zituzten ustezko etakideak, Frantzian, jendarme bat tiroz zauritu eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu