Lizarbek autogobernuaz «eztabaida zintzoa» egin nahi du alderdi denekin

PSNk mozio bat aurkeztu du autogobernuari buruzko bilkura monografikoa irailean egin dadin.Barcinak bere kabuz ordurako bukatu nahi du Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa Madrilen

2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Nafarroako autogobernuaz eta Hitzarmen Ekonomikoaz hitz egiteko «eztabaida zintzo» baten beharra ikusten du Juan Jose Lizarbe Nafarroako Legebiltzarreko PSNren bozeramaileak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako Energia Legea atzera bota ostean, autogobernuaz hitz egitea «garrantzi handikoa» dela uste du PSNk, eta horren inguruko bilkura monografiko bat egiteko eskaera erregistratu du legebiltzarrean: «Begi bistakoa da ez direla garai onak Nafarroako foru erregimen demokratikorako eta autogobernuarentzako», esan du Lizarbek.

PSNk jakinarazi duenez, mozio baten bidez eskatu du irailaren hasieran egiteko autogobernuari eta Hitzarmen Ekonomikoari buruzko bilkura. Lizarbek ez du argitu zein izango den bere alderdiaren jarrera, baina horri buruz eztabaidatzeko nahia agertu du. PSNk eskaera hori egin du, hain justu, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Cristobal Montoro Espainiako Ekonomia sailburuarekin Madril eta Nafarroaren arteko hitzarmen aldatu nahi dutela jakin ostean. Uztail amaieran jakin zenez, Auzitegi Konstituzionalak Energia Legea atzera bota ondoren, Barcinak Montororekin batzartu eta udazkenerako «konpondu» nahi du arazoa, eta Hitzarmen Ekonomiko berri baterako oinarriak jarri.

Hauteskundeak gertu dituela eta, ate guztiak itxi nahi ditu, beraz, Barcinak. PSNk, berriz, bilkura irailera aurreratu eta Hitzarmen Ekonomikoaren eta Nafarroako autogobernuaren «gidalerroak» ezarri nahi ditu. Hauteskundeak gerturatzen ari direla eta, kezkatuta azaldu da, ordea, Lizarbe. Hark uste du «oso litekeena» dela PP eta UPN elkarrekin aurkeztea bozetara. «Harreman ona dute, baina soilik argazkietan eta hauteskundeetan elkarren ondoan joateko, eta ez Nafarroako autogobernuaz hitz egiteko», salatu du, halere, PSNkoak. Oraindik, PPk eta UPNk ez dute jendaurrean halakorik aitortu, baina Lizarbek nabarmendu du «oso zabaldua dagoen susmoa» dela. «Dena den, PSNri ez zaio axola eskuinak zer egiten duen».

Lizarberen ustez, Barcinaren gobernua orain arteko «okerrena» izan da herrialdeko autogobernuarentzat, gehienbat «beste interes batzuk» izan dituelako: «PPrekin ondo eramatea izan da beti UPNren interesa». Gaineratu du PPri «ilusioa» egingo diola harreman horrek, baina «ez Nafarroako gainerako herritarrei ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.