Lizarrako festetan Puyko jaitsiera ez da amaitu, tentsioaren ondorioz

Manifestazio jendetsua egin dute, salatzeko UPNren udalak ukatu egin diela txosnei autobus geltoki alboan jartzea, euren betiko gunean. Puyren jaitsiera oztopatu dute, eta UPNko, PSNko eta PPko hautetsiek foruzaingoak babesturik atera behar izan dute.

Herritar talde batek oztopatu egin du udal batzak bertatik pasatzea. BERRIA
Herritar talde batek oztopatu egin du udal batzak bertatik pasatzea. BERRIA
Joxerra Senar - Amaiur Asurmendi
2024ko abuztuaren 2a
21:05
Entzun

Tentsioa dago Lizarran. Arratsaldean, Puyko Andre Maria basilikatik udaletxeraino udal batzak musikari eta dantzariekin egin ohi duen kalejira tradizionala ezin izan da amaitu, hainbat herritarrek kalea moztu dutelako, protestan. Foruzainek aurrera ez egiteko gomendatu diete UPNko, PSNko eta PPko hautetsiei, eta bi furgonetatan sartu dituzte, udaletxeraino. Halaxe eman da amaitutzat ekitaldi hori.

Arratsaldean, horren aurretik, manifestazio batera deitu dute Lizarrako udal gobernuaren debeku eta neurrien aurka. Azkeneko 28 urteetan, txosnak herriko erdigunean, autobus geltoki alboan, jarri izan dituzte, baina aurtengo festetarako ez zieten toki hori eman. Beste bat proposatu zieten, eta, nahiko gertu izan arren,  jaien eremutik kanporatu nahi izan dituztela uste dute txosnetako eragileek. Gainera, udalak debekatu egin dio La Bota peñari jaietan izan ohi duen espazioa.

Hala, manifestaziora deitu dute gaurko, Jaiak lapurtu dizkigute. Txosnarik gabe jai herrikoirik ez lelopean. Manifestazio jendetsua izan da, eta, amaieran, foruen plaza erabat bete dute.

Protestak bat egin du Puyko jaitsierarekin. La Botaren aldeko kartela handi bat paratu dute bertan, baita Txosnarik gabe ez dago jaitsierarik zioen beste bat ere. Dantzariak eta musikariak pasatu ahal izan dira kalean behera, baina manifestariek txistuka moztu dute kalea. Txosnak aurrera zioten kartelei heltzen zioten. Udal batza noiz jaitsiko zain zeuden, baina UPNko, PSNko eta PPko hautetsiak ez dira bertatik pasatu, azkenean.

PPk ohar bidez kritikatu du Puyko jaitsiera ezin amaitu izana, «arriskuagatik eta mehatxuengatik». Carlos Jimenez zinegotziaren arabera, «lotsagarria da indarkeria eta mehatxuak erabilita eurena ez den tradizio bat bereganatu nahi izatea». 

PSNk «guztiz» gaitzetsi du gertatutakoa, X sare sozialean. «Erabakiekin ados ez egotea guztiz zilegizkoa da, baina iraina, inposizioa eta jazarpena onartezinak dira». Elkartasuna adierazi diete hiru taldeetako hautetsiei. 

Alejandro Toquero UPNko presidenteordeak eta Tuterako alkateak hau idatzi du sare sozial berean, gertaera horiek aipatuz: «Elkarbizitza lasaiko giroa bizi omen dugu Nafarroan... Ezker abertzaleak gobernatzen badu, noski». 

Tentsioa jaien hasieratik islatu da. Gaur eguerdian hasi dira festak, eta hainbat herritarrek txistuka hartu dute Marta Ruiz de Alda alkatea. Gainera, EH Bilduk ez du parte hartu, iazko gertakariengatik protestan. Iragan urteko jaietan, Eli Ziordia zinegotziak ikurrin bat atera zuen, eta Rodrigo Garcia de Galdeano Udaltzaingoaren buruak bortizki heldu zion ikurrinari, eta astindu egin zuen, handik kentzeko asmoz. 

Abestiaren afera

Testuinguru horretan, gainera, UPNk salaketa bat jarri dio Raimundo El Canastero musika taldeari, Beff D' Alda abestian alkatearen aurkako «irainak» eta «mehatxuak» erabiltzea leporatuta. Taldearen abeslariaren bila aritu dira udaltzainak, eta haien aurrean deklaratzera joan da kantaria, eta aske utzi dute, deklarazioa hartuta.

Lizarrako jaien harira udalak hartutako erabakien aurkako abestia egin du Raimundo El Canastero taldeak eta Lizarrako festak hasi baino bi egun lehenago argitaratu zuen kantua. «Gora, Lizarrako txosnak; fuck [izorratu] UPN, PSN eta herri mugimenduari erasotzen dion edonor», irakur daiteke taldearen YouTubeko plataforman, abestiaren deskribapenean.

Horren harira, Ruiz de Alda alkateak udalbatzarrerako deia egin zuen atzo, osteguna, «heriotza mehatxuak» egiten ari zitzaizkiola salatuta. Ezohiko bilkura horretan, Raimundo El Canasteroren aurkako mozioa onartzea lortu zuen, UPN, PP eta PSNren babesarekin. Hiru alderdiek abestiaren tonu «mehatxaria» eta «matxista» salatu dute. PPk, gainera, gaitzetsi egin du kantuaren esaldi hau, «bizikidetza» arriskuan jartzen duela adierazita: «Hala jarraitzen badute, udaletxea erreko da». EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin alderdiak, berriz, abstenitu egin ziren; alkateari elkartasuna agertu arren, abesti horri «erabilera alderdikoia» ematea deitoratu zuten.

Musika taldeak sare sozialen bidez eman du udalbatzarrean egin zizkioten akusazioen inguruko iritzia. «Heriotza mehatxurik» egin izana irmo ukatu du, eta adierazi du uste duela «ulermen gaitasun falta galanta dagoela» salaketa hori egin dutenen artean. Horri gehitu dio, gainera, «garbi» ikusten dela «abestiaren tonua ironikoa eta komikoa» dela, eta hau ez dela «gorrotoaren adierazle», ezta festetan «indarkeria bultzatzeko» tresna bat ere. Nabarmendu du, ordea, abestia «Lizarrako gazteriak sentitu duen amorruaren isla» dela, «hainbeste urtetan» landu duten festen eredua «zein azkar hilobiratu duten ikusi duten horiena».

«Abestiko hitzak ulertzeko esfortzu txiki bat egin ordez, biktima bihurtzea lehenetsi du gobernuak, guri mehatxuak egitea leporatzea, eta gure aurkako neurri legalak hartuko dituztela esatea; dena, ironikoki, giroa gehiago ez pizteko asmoarekin», salatu du taldeak. 

Bestalde, taldeak zehaztu du abeslaria bere borondatez joan zela deklaratzera, abestia argitaratu zen egunean bertan udaltzainen hainbat mezu jaso zituelako goizaldeko ordu txikietan: «Atxilotu gisa deklaratu zuen, eta, ondoren, aske geratu zen». Ikerketa zabalik da, baina Raimundo El Canasterok nabarmendu duenez, abeslariak ez du esku hartu abestiaren sorreran, eta salatu du «jazarpen hori taldea desegonkortzeko estrategia bat» dela.

Mehatxuen delituagatik, sei hilabete eta bi urteko zigorra jaso dezake akusatuak, eta irain larrien delituagatik, isun bat.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.