Lizarrako Gazteri Sozialistako idazkari nagusia alderditik bota dute

Komunikatu bat Lizarrako zuzendaritzaren baimenik eta abalik gabe zabaltzea egozten diote Maribel Ziordiari. Bertan, zentsura mozioa aitzinera eramateko babesa adierazi zien PSNko bi hautetsiri.

Lizarrako udaleko plenoa, artxiboko irudian. IDOIA ZABALETA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko martxoaren 13a
14:22
Entzun

Nafarroako PSNko Gazte Sozialistek kargutik kendu dute Maribel Ziordia Lizarrako Gazte Sozialistetako idazkari nagusia. Komunikatu bat Lizarrako zuzendaritzaren baimenik eta abalik gabe zabaltzea egozten diote Gazte Sozialistek Ziordiari. Bertan, Ziordiak adierazi zuen Lizarrako Udaleko «transfugek» Lizarrako Gazte Sozialisten babesa zutela udaleko zentsura mozioa aitzinera eramateko.

Urak nahastuta dabiltza azken aldian bai Lizarran, baita Nafarroako Alderdi Sozialistan ere. Orain artean, Navarra Sumako Gonzalo Fuertes izan da Lizarrako zinegotzia. Astelehenean, ordea, Fuertes alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkeztu zuten oposizioko udal taldeek, EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNko hiru zinegotzietako bik. PSNk de facto alderditik kanporatu zituen bi zinegotziak. PSNko bi zinegotzien kanporaketaren ondotik etorri da Ziordiarena.

Kevin Lucero Gazte Sozialistetako idazkari nagusiak adierazi duenez, «ohiz kanpoko» egoera bat da Lizarrakoa. Gaineratu du alderdiak ez duela inolaz ere onartuko militanteen eskubideak zapaltzea. Talde kudeatzaile batek hartuko du Lizarrako Gazte Sozialisten ardura datozen egunetan.

Zentsura mozioa

Azken orduko aldaketarik ezean, martxoaren 24ko osoko bilkuran bozkatuko dute mozioa, 12:00etan. Egungo indar korrelazioa aldatzen ez bada, Koldo Leozek (EH Bildu) hartuko du Lizarrako aginte makila, 2015-2019ko legealdian egin zuen bezala. Astelehenean aurkeztutako itunari jarraikiz, ordea, EH Bilduk eta PSNren zerrendetan aurkeztutako zinegotziek txandaka hartuko dute alkatetza: lehenbizi, Leozek edukiko du makila, eta, 2022ko martxoaren 1etik aurrera, Jorge Crespo PSNren zerrendetan aurkeztutako zinegotziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.