Gure Esku-k antolatutako manifestazioan parte hartu aurretik hitz egin du BERRIAk Lluis Llach (Girona, 1948) kantari katalanarekin. Junts Pel Si zerrendan atera zen duela lau urte, eta Debat Constituent egitasmoan dabil azkenaldian buru-belarri, tokiko batzordeak koordinatzeko lanetan. "Aurten, ehun bisitatik gora egin ditut Kataluniako eskualde guztietara", azaldu du.
Horra esandakoen aurrerapen bat:
"Jendeak jarraitu egiten du. Orain, lehen baino arazo handiagoa du Espainiako Estatuak; estatuarekiko –ez espainiarrekiko– deskonexioa erabatekoa da gazteen eta ilea urdindua dugunon artean".
"Edukiontziak erre eta harriak bota dituzte, bai, eta ez luke hala izan behar. Baina, noski, zuk [Poliziak] ezin duzu istiluak eragin. Sentitzen dut, baina horrela ikusten dut".
"Gazteak kokoteraino daude. Ez bakarrik independentziagatik, gauza askorengatik: Estatu hau kaka zahar bat da, ustela, krisi ekonomiko baten atarian dago...".
"[Mossoen jokabidea] Erabateko kolaborazionismoa izan da. Indezentzia hutsa".
"[Debat Constituent egitasmoan] Oinarriak jarri nahi ditugu, gure klase politikotik hasi eta Espainiako Estaturaino, jakin dezaten zer pentsatzen duen gure komunitateak orain. Inork ez diezagula esan zer egin behar dugun; lehen, militarrak ziren, eta, orain, Ibex-35a".