EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakaslea

Itziar Zubia Olaskoaga: «Akats tekniko bat izatea iruditzen zait logikoena»

Itziar Zubia Olaskoaga irakaslea da EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta ingeniaritza elektrikoan aditua da. Oraindik goiz da itzalaldia zerk eragin duen jakiteko, baina Zubiak ez du uste zibereraso batek horrelako egoera bat sor dezakeenik.

Itziar Zubia Olaskoaga. BERRIA
Itziar Zubia Olaskoaga. BERRIA
gotzon hermosilla
2025eko apirilaren 28a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Itziar Zubia Olaskoaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1972) irakaslea da EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta ingeniaritza elektrikoan aditua da. Dioenez, unibertsitatean zentral elektrikoei buruzko eskolak ematen dituenean, oraingo itzalaldiaren moduko gertaera baten berri ematen die ikasleei, uste baitu «metatutako esperientzia» izaten dela biderik eraginkorrena etorkizunean sor daitezkeen arazoak konpontzen ikasteko. Oraindik goiz da itzalaldia zerk eragin duen jakiteko, baina Zubiak ez du uste zibereraso batek horrelako egoera bat sor dezakeenik.

Etxe batean, eraikin batean edo auzo oso batean argindarra joatea ez da ohiz kanpokoa, baina normala al da hain eremu zabala argindarrik gabe geratzea?

Arrunta ez da, gaur egun esperientzia handia baitugu, baina inoiz gertatzen da, eta gehienetan linea batean izandako akats baten ondorioz sortzen da. Linea batek akatsa baldin badauka, horrek zeraman energia beste linea batetik pasatu behar da; bigarren linea hori oso beteta badago, beste bat erorarazten du, hirugarrena, eta arazoa izaten da lineak bata bestearen atzetik erortzen hasten direla, elur bola handi bat balitz bezala. Lineak galtzen baditugu, nahiz eta sorkuntza eduki, ez daukagu sortutako energia hori nola iritsarazi bezeroei.

Beraz, lehenago ere gertatu dira horrelakoak.

2021eko urtarrilean, Europa bi zatitan banatuta gelditu zen. Kroazian akats handi bat egon zen, eta, orduan, Kroaziatik ekialdera dauden herrialdeek euren arazoa konpondu behar izan zuten, eta Kroaziatik mendebaldera daudenek ere eurena, eta arazo guztiak konpondutakoan bi sistemak berriro elkartu ziren.

REE enpresak adierazi du «potentziaren fluxuak izandako oszilazio handi batek» ekarri duela itzalaldia. Zer esan nahi du horrek?

Sarean, sortutako potentzia eta eskatutako potentzia orekatuta mantendu behar dira. Bestela, sistemak ez dio maiztasunari eusten eta ez da kalitatezko energiarik lortzen. Eta oreka hori une oro lortu behar da, ez baitugu baliabiderik energia kantitate handitan metatuta edukitzeko. Hortaz, REEtik une oro ari dira zaintzen zentral batek zenbat energia sortu behar duen eskariaren arabera, eta zenbateko potentzia doan lineetatik. Seguru asko, orain eskaria oso handia izango zen, sorkuntzarekin alderatuta, eta ez dute lortu hori garaiz konpontzerik; orduan, akatsak katean gertatzen dira, bata bestearen atzetik.

Goiz da jakiteko potentziaren gorabehera hori zerk eragin duen, baina arrazoiak askotarikoak izan daitezke? Adibidez, zibereraso baten aukera aipatu da batean eta bestean.

Bai, arrazoiak asko izan daitezke, eta goiz da ezer aurreratzeko, baina maila horretako zibereraso bat gertatzea zaila iruditzen zait. Hori kudeatzen duten zentralek bikoiztuta dauzkate sistemak, eta ez eraikin berean. Kontrol zentroari eraso egin izana ez zait posible iruditzen. Logikoagoa iruditzen zait akats tekniko bat izatea; behin abiatzen denean elur bola handi bat bezala zaila izaten da gelditzea. Ikusi egin beharko da, baina horrelakoak tarteka gertatu egiten dira.

Esan dute ere egoerak sei edo hamar orduz iraun dezakeela. Konplikatua al da horrelako egoera bat konpontzea?

Behin sorkuntzaren eta eskariaren arteko oreka galduta, hori pixkanaka-pixkanaka berreskuratu behar da, eta mailaka orekatuz joan. Dena kolpetik konpondu nahian hasten bagara, linea elektrikoek eta zentralek dauzkaten babesek ez dute uzten. Lehenengo maila orekatu behar da, gero bigarrena, gero hirugarrena, eta abar. Jakina, eragindako eremu guztia mailaz maila orekatzeko denbora behar da. Korrika hasiz gero, dena eroriko zaigu berriro, eta orduan hutsetik hasi beharko dugu. Oreka hori berreskuratzeko prozedura batzuk ezarrita daude, eta nazioartean erabiltzen diren prozedurak izaten dira, aurreko esperientzietan oinarritutakoak; pentsatzen dut horiei jarraituz arituko direla honezkero.

Noiz jakingo da zergatik gertatu den?

Orain funtsezkoa zerbitzua berrezartzea da, eta pentsatzen dut horretan arituko direla; arrazoiak gerora jakingo dira, baina denbora apur bat beharko da horretarako. Jakintza hori gero argitaratu eta horren berri ematen da, zientzialari eta ingeniariontzat oso interesgarria delako: izan ere, orain dakiguna aurreko gertakarietatik eta akatsetatik dakigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.