'Aramburu auzia'

Loik Le Priol: «Erreflexu militarrez egin nion tiro Arambururi»

Zortzi orduz entzun dute Le Priol, Aramburu erailtzeaz akusatutako eskuin muturreko militantea, epaiketan. Aramburuk gainera «salto egin» ziola erran du. Parte zibilen abokatuek Le Priol eskuin muturrarekin lotzen duten argazkiak erakutsi dituzte.

Loik Le Priolen abokatuak Parisko Zigor Auzitegian. CARMEN MENENDEZ / EFE
Loik Le Priolen abokatuak Parisko Zigor Auzitegian. CARMEN MENENDEZ / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko irailaren 21a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bai, baina... Bi hitz horiekin laburbildu daiteke Loik Le Priol Federico Martin Aramburu erailtzeaz akusatutakoaren jarrera, auziko hamaikagarren egun osoan egin dioten elkarrizketan. Zortzi orenez elkarrizketatu dute, eta eguna joan ahala gero eta zailagoa egin zaio ariketa. Le Priolek tiro egin izana onartu du, baina erailtzeko nahia ez: «Erreflexu militarrez egin nion tiro». Egun bukaeran barkamena galdegin du, parte zibilei so. 

Aurretik izandako borroka finituta Aramburu eta Hegartyren bila joan zela ere onartu du, baina haiei min egiteko asmoz joan zenik ez: «Aramburuk, joatean, kaputxatik tiratu ninduen, umiliatua sentitu nintzen, eta ulertu nahi nuen zergatik egin zuen hori». Gau hartan armatua ibili zela bai, baina bere burua «seguru» sentitzeko zela, eta azkenera arte ez zuela arma ateratzeko asmorik izan. Armatua ibiltzea ez dela normala, ez, baina beretako hala ibiltzea «tristeki arrunta» zela: «Armadan sartu nintzen 15 urterekin, eta ordutik ia beti egin dut lo arma baten ondoan». Mozkorra zela, bai, baina beste guziak ere hala zirela. Berak tiro egin zuela bai, baina horren aurretik Shaun Hegartyk buruan kolpe bat eman ziola izotz trapu batekin: «Buru gibela MMAn eta boxeoan hunkitzea debekatua den leku bakarra da, izugarri lanjerosa baita», gehitu du. Bizkarrean egin zizkion tiroek Aramburu hil zutela ere onartu du, bai, baina hura biratu zela eta horregatik bizkarrean jaso zituela balak. Halere, nabarmentzekoa da abisu emateko tiroak ez dituela aipatu gaur; orain arte, lehen tiroak abisuz egin zituela erran izan du, eta beraz, defentsaren ildoa pixka bat aldatu du. 

Estututa

Le Priolendako eta bere abokatuendako erronka handia da gaurko deklarazioa. Izan ere, Aramburu errugbilari ohiaren erailketa leporatzen diote, hau da, aldez aurretik pentsatutako hilketa egitea. Epaileak zera dute oinarri erailketa izan ote zen aztertzeko: lehen borroka finitu ondotik, Le Priol oinez abiatu zela errugbilari ohiaren eta Hegarty haren lagunaren atzetik. Le Priolek beti ukatu du hala izan zenik, eta une oro bere burua defenditu zuela erran du. Bertsio horren alde egiteko hainbat aitzakia bilatu ditu: alkohol gehiegi hartu zuela, Frantziako Armadan zela bizitakoaren trauma osteko estresa aktibatu zitzaiola, tiro egitea erreflexu hutsa izan zela, bere burua lanjerean sentitu zuela, Aramburuk beregana jauzi egin zuela, Hegartyk buruan jo zuela... Oro har, haren kontakizuna ataka estuan jarri du epaileak, eta hala gertatu den aldiro zera  erantzun dio Le Priolek: «segundo bakoitza xeheki aztertzea ezinezkoa da», oroitaraziz duela lau urte eta erdi gertatu zela hilketa. «Dakidan bakarra da erasoa bukatu arte tiro egin nuela. Nire makurra da bizi militarraren eta bizi zibilaren arteko diferentziarik ez egin izana», borobildu du. «Drama honek ez zuen gertatu behar». 

Bi errugbilariak atzeman eta Arambururekin azken liskarra izan zuenean, beraz, armadan jasotako formakuntza militarrak «gaina hartu» ziola kontatu du. «Erreflexu hutsez» tiro egin zuela errepikatu du behin eta berriz. Alta, epaimahaiburuak polizia inkestatzaile aditu baten erranak oroitarazi dizkio: erreflexuak ez du hausnarketa trabatzen. «Ez, baina estres egoeretan gure gaitasuna %10era mugatzen da. Armadan automatismoz jarduten ikasten dugu», segurtatu du. 

Trauma osteko estresa aktibatu zitzaiola argudiatu nahi izan du gero. Izan ere, errugbilariak atzeman zituen lehena Romain Bouvier izan zen, eta berak egin zion tiro lehenik Arambururi —gaur arratsean hasi, eta bihar egun osoan entzunen dute—. «Tiroak entzun nituenean zerbait aldatu zen nire baitan. Ni errugbilarien bila ari nintzen, eta tiroak entzutean izutu nintzen. Romain [Bouvier] eta Lyson [Rochemir] nire neska laguna karrika erdian zirela nuen buruan, ez nekien Romain armatua zenik, eta nire helburua haiek seguru zirela egiaztatzea zen», kontatu du. Tiroen hotsak bere trauma berriz aktibatu izana «posible» dela uste du. «Dena den, estres egoera oso handian nintzen, hatsantua... Izugarri fite gertatu zen dena», laburbildu du. Zehaztekoa da Frantziako Armadan soldadu gisa egin zuen ibilbideak, orotara, hiru urte baino gutiago iraun zuela. 

Epaimahaiburuaren eta parte zibilen abokatuen galderei erantzutean, gainera, Le Priolek Arambururi egotzi nahi izan dio bere jestuen ardura. «Errugbilariak atzeman nituenean, Aramburuk gainera salto egin zidan, eta gero, Hegarty ere joka hasi zitzaidan. Kolpe bat jaso nuen gibeletik, eta orduan amorratzeko eskubidea nuen», erran du. Aitortu du halako deklarazioak ez direla «erosoak» familiarendako, baina erran du «egia» kontatu nahi duela, «familiari zor» diolako. «Aramburu jaunaren amak ere hala galdetu zuen», gehitu du. Parte zibilendako entzuteko arras zailak izan dira pasarte horiek. Baina gaur ere sostengu anitz jaso dute Euskal Herritik: Dimitri Yachvili eta Imanol Hariñordoki Miarritzeko errugbi taldeko jokalari ohi ezagunak hor egon dira, familiari elkartasuna adierazteko. 

88 eta manifestazio neonaziak

Parte zibilen abokatuek, bestalde, ordura arte erakutsiak izan ez ziren Le Priolen argazki eta bideo batzuk erakutsi dituzte: Interneten baliatu dituen pasahitza guziek 88 zenbakia zuten —H da alfabeteko zortzigarren letra, eta Heil Hitler lemari erreferentzia egiten dio zenbaki horrek—. Horietako bat Panzerlied88 zen, kantu militar nazi baten izenburua, alegia. Le Priolek behin eta berriz erran du ez duela «ezer ulertzen», ez dakiela pasahitz horiek «nondik datozen», eta ez dutela «erranahi berezirik». 2019ko mezu baten pantaila argazkia ere hedatu dute: Le Priolek Rochemirri «beltz batekin borrokatu» zela kontatu zion bertan. «Ez naiz oroitzen», segurtatu du. 

Bere sakelako telefonoan atzemandako bideo bat ere hedatu dute: gizon bat ageri da agur nazia egiten. Fiskalak Le Priol ageri den manifestazio neonazi bateko argazki bat erakutsi du, gainera. «Manifestazio baimendua zen, eta oso gaztea nintzen», erran du. Agerikoa denez, Le Priolek ez zituen elementu horiek espero, eta zaila izan zaio lasaiki erantzuten segitzea, eta nardatua agertu da usu. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA