Loiun arazoak izan dira gaur berriro

Iberia konpainiako lurreko zerbitzuetako langileen grebaren harira, atzo gertatzen hasitako zenbait arazo gaur berriz eragozpenen motibo izan dira; atzeratuta atera dira hainbat hegaldi, eta maletarik gabe hainbat hegazkin.

(ID_13472345) -FOTODELDÍA- ESPAÑA IBERIA HUELGA
Ilarak, gaur, Loiuko aireportuan. LUIS TEJIDO / FOKU
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 6a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo hasi zuten greba Iberia konpainiako lurreko zerbitzuetako beharginek. Arazo ugari eragin zituen horrek Loiuko aireportuan (Bizkaia); hamar hegaldi bertan behera gelditu ziren, eta ia guztiak berandu irten ziren. Lau egunekoa da greba deialdia, astelehenera artekoa, eta gaur arazoak izan dira berriro: atzeratuta atera dira hainbat hegaldi, eta maletarik gabe hainbat hegazkin.

Maletak kargatzea eta deskargatzea da lurreko langileen zereginetako bat, eta jardun horretan nabaritu da gehien greba. Halaber, haien ardura da, besteak beste, maletak fakturatzea eta bidaiariak hegazkinetara garraiatzea. Langileen ordezkarien arabera, atzo Loiuko aireportua grebaren erantzunik handienetakoa izan zutenetakoa izan zen, eta gaur ere antzeko datuak espero dira. Arratsaldean, hala ere, arazo gutxiago izango direla aurreikusi dute.

Iberiak, berriz, esan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aireportuetan grebak %66ko erantzuna izan duela, eta lortua dutela atzo behar bezala garraiatu ezin izan ziren maletak bideratzea. Grebak ez du eragin Iberiako hegaldietan bakarrik. Langileek zerbitzua ematen diete beste hainbat hegazkin konpainiari ere: Vueling, Lufthansa, Turkish Airlines, WiizAir eta AirLingus daude tartean.

CCOO, UGT eta USO sindikatuek egin dute grebarako deia. Lan gatazkaren sorburua horra: AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak irailean egindako lehiaketan Iberiak galdu egin zuelako zortzi aireportutan lurreko zerbitzuak emateko era; Loiuko aireportua dago horien artean, eta beste hainbat aireportu handi. Besteak beste, egun zerbitzua ematen ari diren langileen subrogazioa saihesteko eskatzen ari dira orain sindikatuak, lehiaketa irabazi duten konpainietan lanean hasita egungo lan baldintzak errespetatuko ez zaizkien beldur direlako. Horregatik, horren ordez, Iberiak bere lurreko langileen zerbitzu propioari eutsi behar diola esaten ari dira.

Hegazkin konpainiak adierazi du, ordea, hori ezinezkoa dela. Esan du, gainera, aldaketak ez dituela kaskartuko langileen lan baldintzak, eta greba egiteko motiborik ez dagoela.

Loiuko aireportuan, zehazki, 300 bat langile daude egoera horretan, eta AENAren ardurapeko beste aireportu handi batzuetan, beste ehunka langile.

Hondarribian (Gipuzkoa), Forondan eta Noainen ez da aldaketarik egongo, baina aireportu horietan ere protesta egiten ari dira langileak. Eragina ez da hain agerikoa izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.