Lokarriren lorratzean

Uharan elkartea sortu dute, «Lokarriren ondarea» kudeatzeko helburuz.Herritarrak «elkarbizitzaren alde» jardutera bultzatu nahi dituzte

Lokarriren azken ekitaldia, Bilbon, iazko martxoaren 15ean. MONIKA DEL VALLE / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Joan den martxoaren 15ean desagertu zen Lokarri akordioaren eta galdeketaren aldeko herritarren sarea, haren aurrekoa izan zen Elkarri erakundea sortu eta 22 urtera. Baina Lokarriren ibilbidea amaitutzat emateko antolaturiko ekitaldian iragarri zuten beste elkarte bat sortuko zutela, Lokarriren ondarea kudeatzeko helburuz. Elkarte berriak jadanik bere burua aurkeztu du: Uharan du izena, eta «adiskidetzearen eta elkarbizitzaren zerbitzura» arituko da.

Lokarriren ondarea aipatzen dutenean, elkartean lanean aritu ziren partaide eta laguntzaile guztiez, sarea osatzen zuten herritarrez eta bere jarduerari esker Euskal Herrian zein nazioartean egindako kontaktuez ari dira. Baina «bakea eta elkarbizitza lortze aldera Lokarrik defendatu eta proposatu zituen ideiak, oinarriak eta proposamenak» ere jotzen dituzte elkartearen ondaretzat, eta horiek izango dituzte iparrorratz elkarte berriaren ibilbidean.

Edozein modutan, iragarri dute Uharan ez dela izango «ohiko herri mugimendua», ezta «Lokarriren jarraipena» ere. Haren eginkizun nagusia izango da Lokarrin ibilitako kide, bazkide eta laguntzaile guztiei, eta bide batez gizarte osoari, «adore» ematea, «elkarbizitza sustatzeko lanetan aktibo iraun dezaten». Uharan osatzen dutenek uste dute asko aurreratu dela arlo honetan, baina lana ez dela bukatu: «Eman daitekeen laguntza guztia beharrezkoa izango da», esan dute.

Uharanek «topaketarako eta hausnarketarako gune bat» eskaini nahi die Lokarri osatu zuten guztiei. Baina, iragarri dutenez, helburua ez da «egindakoak gogoratzea», bakearen aldeko ekarpenak egiten segitzea baizik.

Buletinak eta mintegiak

Aurrerantzean egingo dituzten lanen inguruko zenbait zertzelada aurreratu dituzte Uharaneko kideek. Albiste buletin bi egingo dituzte: horietako bat hilean behin plazaratuko dute, eta Lokarriren sarea osatzen zuten 35.000 lagunei igorriko diete. Bakearen eta elkarbizitzaren alde lanean diharduten elkarteek antolaturiko ekitaldien berri emango diete han, eta ekitaldi horietan parte hartzera gonbidatuko dituzte.

Bigarren buletina hiru hilean behin argitaratuko da, baina hori Lokarrirekin harremana zuten nazioarteko eragileentzat izango da. Bi mila elkarte eta pertsona inguruk jasoko dute buletin hori, eta hor «bake prozesuaren egoeraren azterketa zorrotza» eskainiko diete eragile horiei.

Azkenik, Uharaneko kideek iragarri dute mintegi bat antolatuko dutela urtero «adiskidetzearen eta elkarbizitzaren inguruko gai nagusi bati buruz». Ekitaldi horretan «askotariko ahots eta pentsamoldeak» bildu nahi dituzte, eta helburua da «herritarren parte hartzea sendotzeko eta bake prozesurako onuragarriak izan daitezkeen ondorio erabilgarri eta eraikitzaileak ateratzeko tresna bat» edukitzea.

Buletin eta ekitaldi horien bidez, Lokarriren ildoarekin bat zetozen kide eta laguntzaileak eta, oro har, herritar guztiak bultzatu nahi dituzte bake eta elkarkidetzaren aldeko lanean jarrai dezaten, esparru horretako elkarteek antolatzen dituzten ekinbideetan parte hartuz. Elkarte horiek diruz laguntzeko deia ere egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.