Lopez: «Kanpaina egiteko erabiliko dute epaia»

Ezker abertzaleak «biktima gisa» agertu nahi du bere burua, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Bateragune auziko epaiak euskal gizartearen «sektore batzuetan» etsipena sortu duela aitortu duen arren, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak PSE-EEko kideei ohartarazi die ez erortzeko ezker abertzalearen «jokoan» eta eskatu die orain arte mantendu duten «irmotasun demokratikoari» eusteko. Sozialisten idazkari nagusiak uste du ezker abertzaleak epaia «erabiliko» duela azaroaren 20an egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira. «Beste behin biktima gisa agertuko dute beren burua. Ezin gaitezke berriz ere erra; besteok ere haien aldeko kanpaina egiteko arriskuan eror gaitezke», nabarmendu du. «Haiek izan dira 40 urtez talde terrorista bati babes soziala, politikoa eta instituzionala eman diotenak. Ezin dugu hori ahaztu».

PSE-EEko hautetsiekin batera eginiko ekitaldi batean esan ditu hitzok sozialisten idazkari nagusiak, Donostian. Han izan dira, besteak beste, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia, Rafaela Romero batzarkidea eta Odon Elorza Donostiako alkate ohia. Lopezen arabera, «demokraten eginbeharra da demokrazian lan egin nahi duten guztiak demokraziara ekartzea». Hala ere, «bakoitzak bere erantzukizunak» dituela ohartarazi du. «Harresi bat eraiki behar dugu iraganerako egoeretara itzul ez gaitezen», gaineratu du.

Onda Cero irratian eginiko elkarrizketa batean, Alfredo Perez-Rubalcaba PSOEren hautagaiak onartu egin du epaiaren ondorioz hainbat mobilizazio eta protestaldi izan daitezkeela, baina ez diela horiei «beldurrik» gaineratu du.

«Bakerako, lagungarria»

Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak, berriz, esan du Arnaldo Otegiri hamar urteko espetxe zigorra ezartzea «aurrerapausoa» dela bake bidean. Pumpidok adierazi du epaia juridikoa dela, «ez politikoa». Alabaina, gaineratu du ETAk armak utzi izan balitu erabakia «bestelakoa» izango zela. ETAk «mehatxu» bat izateari uzten dionean «eskuzabal» jokatu ahal izango dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.