Bordelen (Frantzia) abiatutako polizia operazioan atxilotutako sei lagunak inkomunikatuta daude oraindik, poliziaren esku. Javier Lopez Peña, Ainhoa Ozaeta, Jon Salaberria, Igor Suberbiola eta Fred Fort atzo eraman zituzten Parisera, eta SDAT Terrorismoaren Aurkako Zuzendariordetzaren egoitzan daude. Gaur ari dira pasatzen epailearen aurretik. Lopez Peña, Ozaeta, Salaberria, Suberbiola Bordelen atzeman zituzten astearte gauean, ETAko kideak direlakoan, eta Fort asteazkenean Bidarten (Lapurdi), lau haiek bizi ziren etxearen jabea delako.
Joxean Barandiaran ere atzeman zuten asteazkenean -Guardia Zibilak-, Andoainen (Gipuzkoa), eta Madrilen daukate, Guardia Zibilaren egoitzan. Lopez Peñarekin eta Ozaetarekin biltzea egozten diote. Etzira arte luzatuko diote inkomunikazioa, eta orduan eramango dute Espainiako Auzitegi Nazionalera epailearen aurrera.
Espainiak lehenbailehen bere esku eduki nahi ditu Bordelen atzemandakoak. Bere jurisdikzioari uko egin eta Salaberria, Ozaeta eta Suberbiola Espainiaren esku uzteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Frantziari. Lopez Peñari buruz ez dio eskari hori egin, hark Frantzian ere badituelako auzibideak bere kontra. Horretaz gain, Bordeleko miaketetan atzemandako material guztia aztertzeko baimena ere eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Frantziak ez du auzibideari uko egiteko eskaera onartu, eta atxilotuei buruzko ikerketa abiatu du, "helburu terroristadun gaizkile taldeko kide izatea" egotzita. Orain, lau atxilotuak aldi baterako entregatzeko eskatuko dio Espainiak Frantziari.
Peñaren, Salaberriaren eta Suberbiolaren kontra nazioarteko atxilotze agindua emana zuela ekarri dio gogora Auzitegi Nazionalak Frantziari. Horiei ETAko kide izatea leporatzen die Espainiak eta beren kontrako auzibideak abiatuta zituen.
Ozaetaren egoera desberdina da. Herenegun arte ez zegoen bere kontrako auzibiderik Espainian, baina atzo bertan ireki zioten prozedura bat. "Talde armatuko kide eta buruzagi" izatea egozten diote.
Parisko Fiskaltzak ikerketa abiatu du Bordelen atxilotutako lau lagunen inguruan. "Helburu terroristadun gaizkile taldeko" kide izatea egozten die, eta baita "ekintza terroristak prestatzen" aritzea, matrikula faltsudun ibilgailuak "helburu terroristekin" erabiltzea eta antolatutako lapurreta egitea ere. Nolanahi ere, kaleratutako oharrean diotenez, oraindik ez dute argitu atxilotuetako bakoitzak zein funtzio zehatz zuen.
Politika
Lopez Peña, Ozaeta, Salaberria, Suberbiola eta Fort gaur eraman dituzte epailearen aurrera, Barandiaran etzi
Asteartean eta asteazkenean atzeman zituzten Bordelen, Bidarten eta Andoainen, ETArekin lotura dutelakoan. Inkomunikatuta dauzkate oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu