Zorionak eta lorpenen aitortzak. Galdera erretorikoak ere bai, «noraino» iritsiko ote ziren sozialistak krisi garaia ez balitz izan eta agintaldia osorik betetzeko modua izan balute. Osasun alorreko ordezkari batzuk hartuta joan zen Patxi Lopez PSE-EEko lehendakarigaia atzoko mitin nagusira, Gasteizera. Jaurlaritza sozialistak osasun alorrean egindako «aurrerapenak» goratu zituzten hiru ordu laurdenez. Hitzik ez Jaurlaritzak hartutako erabaki murriztaileei buruz. «Doiketak» aipatu zituen Lopezek, ez mozketak. «Beste batzuek egiten dute hori». Aitortu zuen, ordea, Jaurlaritzaren erabakiek kaltea eragin dutela. «Zehar kalteak izan dira».
Osasun arloan ari diren eragileak batzea lortu zuen PSE-EEk. Besteak beste, han ziren Osalde osasun publikoaren aldeko elkarteko ordezkari Jose Luis Uria eta Munduko Medikuetako Elena Rodriguez; alor ofizialekoak ere bai: besteak beste, Angel Garai Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko presidentea. Guztiek goratu zuten, modu batera edo bestera, Lopezen gobernuak egindako jarduna. Rafael Bengoa Osasun sailburua izan zuten ekitaldian gidari.
Hori zen helburua: «Esan digute Jaurlaritzak hiru urte pasatxoan izan dituen lorpenak nabarmentzeko, eta ahaleginduko naiz errepasoa egiten», azaldu zuen, zintzo, Rodriguezek. Laudorio hitzak izan zituen, baina epel aritu zen. Fernando Larrañaga ere bai, Fedeafes buruko gaixotasunak dituzten pertsonen senideen elkarteko presidenteordea. «Oso babestuta egon gara», adierazi zuen, eta Jaurlaritzak abiarazitako planek mesede egin dietela; Etorbizi proiektuaz aritu zen. Botoa ez zuen inork eskatu, hala ere.
Zehatzago aritu ziren beste batzuk. Garaik zorionak eman zizkion Lopezi, eta iragarpen bat ere egin zuen, PSE-EEko kideak aurrean zirela: «Gure laguntza izango duzue». Guztietan sutsuen Uria aritu zen. Eusko Jaurlaritzaren alde egin zuen: «Osakidetzaren finantzaketa Europako puntan dago gaur egun». Eta oposizioaren kontra: «Legealdi honetan demagogia eta populismo asko egin dute parlamentuan». Lopez «herriarekin konprometituta» aritu dela nabarmendu zuen.
Berrordainketa ezartzeari uko egin diola eta, PSE-EE zoriondu zuen Uriak behin eta berriro. «Gobernuaren duintasuna berreskuratu dugu, gaixotzeagatik ez baitugu beste zerga bat pagatu beharko». Lore gehiago: «Nik uste dut Rafa [Bengoa] gauetan esnatzen dela pentsatuz: 'Ez bagenu krisirik izan, nora iritsiko ote ginen?'. Egoera hori izanda ere, zer edo zer aurreztea lortu duzue». Bengoak esker oneko eta algara artean hartu zituen laudorioak. «Zuk zeuk dirudizu sailburua!».
Lopezek berak bere buruari ere bota zizkion loreak: «Nik uste dut zuek adierazitakoa sentimendu soziala ere badela. Ahotsa jarri diozue zuek». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera Espainiarekin alderatu zuen une oro, hango mozketak gogoan hartuta. «Gu erreferentzia gara. Baliabideak optimizatu egin ditugu, betiere oinarrizko zerbitzua errotik moztu gabe». EAJren eta PPren apustua kontrakoa dela ohartarazi du. «Batzuek uste baitute osasuna gastua dela, ez inbertsioa».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PSE-EE
Lopezek aitortu du hartu dituen neurri batzuek «kalteak» sorrarazi dituztela
Osasun arloko hainbat ordezkarirekin egin du ekitaldia PSEko buruak; «doikuntzak» izan ditu ahotan, ez murrizketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu