Lortutako akordioekin lan egiteko eskatu die Sarek euskal erakundeei

Ehunka lagun elkartu ziren atzo Gasteizen, Sare plataformak deitutako manifestazioan

Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak manifestazioa egin zuen atzo Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik hasita. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maider Galardi
2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Korapiloak askatzeko unea da. Denok batera. Presoak etxera lelopean, ehunka lagun elkartu ziren atzo Gasteizen, Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak deitutako manifestazioan. Bost urte bete dira plataforma sortu zela, eta antolatzaileek nabarmendu dute ibilbide horren ostean badela garaia «urrats berriak» egiteko. Manifestazio amaierako ekitaldian, azaldu dute «giza eskubideen aldeko» aldarriekin aritu zirela hasieran, eta euskal presoen auziari amaiera emateko jarduten direla orain. Azken urtean, gainera, erakundeetan lanean aritu dira, eta, PPrekin izan ezik, gainontzeko alderdiekin lortu dituzte akordioak, euskal presoek dituzten salbuespen neurriak eten daitezela eskatzeko. «Erakundeetan islatu denez, euskal gizartean %85ek baino gehiagok nahi dute espetxe politika horri amaiera ematea», azpimarratu du Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak.

Horregatik, euskal erakundeei eskatu diete kontuan hartzeko larri gaixo dauden presoak askatzearen alde eta urruntzearen aurka egindako akordioak, eta adostasun horrekin lanean jarduteko eskatu die Azkarragak: «Adierazpen oso baliotsuak dira».

Bestalde, Espainiako Gobernuari eskatu diote orain urtebete hitzemandako aurrerapausoak egin ditzala: «Ez dago aitzakiarik jarduneko gobernu bat egonda ere. Jendearen sufrimendua luzatu egiten du horrek», esan du Sareko bozeramaileak.

Salbuespen neurriek «sekula zentzurik ez» dutela izan ohartarazi dute amaiera ekitaldian, baina azpimarratu dute «existitzeko arrazoi oro galdu» dutela gaur egun. Horregatik, euskal presoei dagokien legedia ezartzeko eskatu dute. Azkarragaren arabera, ohiko legedia ezartzea ez da euskal presoei «pribilegioak» ematea: «Sarek eskatzen du salbuespen neurriak etetea, eta Espetxeetako Lege Orokorra ezartzea, ez pribilegioak edukitzea».

«Etorkizunera begira» jartzeko deia egin dute: «Ahaztu gabe, baina gorrotorik gabe».

Etxerat-en protestak gaur

Etxerat presoen senideen eta lagunen elkarteko kideek protesta egingo dute gaur, Euskal Herriko hainbat hondartzatan.«Nabari da euskal gizartearen nahia behingoz konponbidea eta bakea lortzea dela, eta bizikidetzarako pausoak ematen jarraitzea», azaldu dute ohar bidez. Urruntzea amaitzeko eskatuko dute gaur; izan ere, urtea hasi denetik sei istripu izan dituzte euskal presoen senide eta lagunek. Larri gaixo dauden presoak «berehala» aske uzteko ere eskatuko dute.

11/13 sumarioko auzipetuen alde ere mobilizatuko dira —Etxerat-ekoak izateagatik bi kide daude auzipetuta: Izaskun Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriaga—. Besteak beste, Ondarroako (Bizkaia) eta Donostiako hondartzetan elkarretaratuko dira protesta egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.