Nafarroaren egoerari buruzko atzoko osoko bilkuran, mehatxua ere errepikatu egin zuen Jose Javier Esparza UPNko eledunak. Izan ere, iaz egin bezala, agintera iritsiz gero neurri guztiak bertan behera utziko dituela iragarri zuen. Horregatik, arduragabe jokatzea aurpegiratu zion Barkosek Esparzari. «Nafarroa orain dela bi urte baino hobeto dago. Ez dira bete zure iragarpenak. Ez da iritsi kaosa, eta gero eta zailago zaizu beldurraren mezuari eustea». Dena den, Barkosek kezka agertu zuen oposizioko alderdi nagusiaren helburu bakarra delako «manipulazioaren eta gezurraren bidez boterea berreskuratzea».
Legealdiak erdiko marra iragan du, eta, bi urte geratzen diren honetan, atzoko eztabaidak balio izan zuen berresteko non dagoen alderdi bakoitza. Aurtengo eztabaidan, bi urteotan egindakoaren emaitzak eta, batik bat, aurrera begira dituzten erronkak azpimarratu zituen Barkosek. Hori entzunda, Esparzak «kea saltzea» eta edukirik gabeko diskurtsoa egitea leporatu zion. Arratsaldean, Barkosen erantzuna iritsi zen: «Agian esan dezakezu diskurtso astuna izan dela, baina hutsala ez».
KATALUNIA, NAZIONALISMOA
Ezinbestean, Kataluniako egoerak eta Bartzelonatik zetozen albiste nahasiek isla izan zuten hitzaldietan. Ziurrenik, gaur, Senatuan 155.aren aplikazioari oniritzia emango diote UPNk, PSNk eta PPk. Barkosen arabera, alderdiok aukera badute, legediaren eta konstituzioaren barruan, gatazka politiko horri beste irtenbide bat emateko: «Zerk galarazten dizue konstituzioaren 92. artikuluaren alde egin eta baimentzea erreferendum bat legez egin ahal izatea? Zergatik zigortzen duzue Katalunia?».Maria Txibite PSNko eledunaren arabera, «euskal nazionalismoak bere profila gogortu du, eta horrek berak eskuinaren tonu antinazionalista hauspotu du. Nafarrok nolakoak izan behar dugun esaten saiatzen dira». Txibitek gaineratu zuen hori ez duela gustuko, «muturreko jarrerek elkar elikatzen dutelako». Kataluniara begira jarri zen jarraian. Txibiteren esanetan, Barkosek 155. edo 92. artikuluari buruz planteatutako eztabaida «gezurrezkoa» da. «Kataluniaren independentziarako 92. artikulua erabili nahi denean, erreferendum horrek saihestu nahi du konstituzioa aldatzeko prozedura bera. Ondorioz, galarazi egin nahi da espainiar guztiek erabaki ahal izatea konstituzioaren aldaketari buruz».
UPNko Jose Javier Esparzaren arabera, hala Geroa Baik nola EH Bilduk «proiektu nazionalista» bera dute. Haren ustez, Araiz eta Barkos «erabat koordinatuta daude laukoaren bazkideei nola iruzur egin erabakitzeko», eta haien arteko desadostasunak «antzerkia baino ez dira». Haren esanetan, «Euskal Herriaren barruan eta, ondorioz, Europatik at egongo den Nafarroa batekin egiten dute amets». Nafarroako autogobernuaren aurkako mehatxu nagusia hori dela deritzo:«Katalunian ez bezala, nafarrek ez dute abentura independentistarik nahi, eta UPN da hori ez gertatzeko berme bakarra».
EH Bilduko Adolfo Araizek «oso-oso larritzat» jo zuen 155. artikuluaren aplikazioa. «Estatuaren makineria martxan jarri nahi dute, eta elkarrizketarako eskaera ororen gainetik erkidegoak kontrolatzeko kontrarreforma ezarri nahi dute; hori dute lehentasun». Araizen arabera, Madrilek herri borondatearen gainetik bere neurriak inposatu nahi ditu, Kataluniako Parlamentua «isilaraziz». Argi du horrek guztiak ondorioak izango dituelaKataluniatik harago. Baita Nafarroan ere.
AUTOGOBERNUA
155. artikulua aplikatu aurretik ere, birzentralizazio prozesuak autogobernua nabarmen urratu du. Hain zuzen, Barkosek nabarmendu zuen gobernuaren lehentasunen artean dagoela autogobernua sendotzea. «Konbentzituta gaude: zenbat eta autogo- bernu handiagoa, orduan eta ongizate handiagoa». Haren esanetan, Madrilekin elkarrizketak hasi nahi dituzte trafikoko edo espetxeetako eskumenen inguruan.Dena den, kexu azaldu zen Madrilgo gobernuarekin orain arte izandako harremanaren inguruan. «Kargua hartu genuenetik 2016ko azarora bitartean jarduneko gobernua zegoen Madrilen, eta aurtengo ekainera arte itxaron behar izan dugu telefonoaren bestaldean aurrekontuekin lan egiteko gai zen gobernu bat izateko». Haren ustez, Nafarroari ezin zaio leporatu ardura falta.
Behin-behinekotasun horrek bete-betean eragin die pil-pilean diren bi gairi. Izan ere, 2015etik 2019ra bitartean Nafarroak urtero bere gain ez dituen eskumenengatik estatuari ordaindu beharreko ekarpenaren kalkulua hitzartzeko dute oraindik. Negoziazioak etenda egon dira bi urtez. Barkosen esanetan, ekarpenaren kalkulu teknikoa hitzartuta dago, baina Madrilen bultzada politikoa falta da. Iragan astean, Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministerioak aurten akordioa lortzeko konpromisoa azaldu zuen, eta horrekin itxaropentsu agertu da Barkos. «Akordio hori egiteak berebiziko garrantzia du».
Beste gaia abiadura handiko trenaren inguruko akordioaren haustura izan da. Barkosen esanetan, Espainiako Gobernuak aldebakarreko erabakian hautsi du ituna asteon. «Kasu honetan, bai, Mariano Rajoyren gobernuari gehiago axola izan zaio UPNko bere bazkideak kontent uztea, Nafarroako interes orokorrak zaintzea baino».
EKONOMIA
Atzo bertan langabeziaren datuak eman zituzten. Bi urteotan, 7.616 langabe gutxiago daude foru erkidegoan, eta Gizarte Segurantzan 15.647 langile gehiagok eman dute izena. «Joera ona da, baina gure lehentasuna da egungo hazkunde ekonomikoak enpleguan eragitea, batez ere kalitatezko enpleguan», nabarmendu zuen Barkosek. Haren hitzetan, enplegu politika aktiboetan aurrekontuak %44 handitu dira iaztik, eta 2020ra bitartean 188 milioi inbertituko nahi dira enplegu planean. Espezializazio adimentsuaren estrategian, berrikuntzan, enpresen inbertsiorako laguntzetan edo ikerketa eta garapenean egindako urratsak azpimarratu zituen.Horren aurka, oposizioak bestelako irudia eman nahi izan du, eta enpresen ustezko ihesari erreparatu dio. Axesor enpresaren datuetan oinarrituta, komunikabide batek asteon esan du 2015etik sortu baino enpresa gehiagok ihes egin dutela, eta 217 milioi euroko fakturazioa duten enpresek egoitza aldatu dutela. «Gobernatzen duzuenetik, etengabe enpresak galtzen ditugu. Badoaz, eta ez dira etortzen, ez garelako erakargarriak, ez zerga arloan, ez juridikoki», salatu zuen PPko Ana Beltranek. UPNk gaineratu zuen Nafarroak egun ez duela inbertsiorako erakargarritasunik.
Barkosek erantzun zuen datu horiek «gezurra» direla: 2015etik 1.706 enpresa gehiago daude Nafarroan, eta aurten soilik 581 sozietate eratu eta 60 desegin dira. «Horiek datu objektiboak eta ofizialak dira».
ALDAKETA
Lorpenen artean, Errenta Bermatuaren Legearen onarpena azpimarratu zuen Barkosek. Haren esanetan, bikoiztu egin dira pobreziari aurre egiteko baliabideak, 78 milioi eurotik 150 milioi eurora. Beste «urrats historikotzat» jo zuen pentsio apalak dituzten 22.000 alargunen pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea. Alta, era berean, parlamentuak iragan astean atzera bota zuen Polizien Legea. Horren inguruan, Barkosek aitortu zuen partida galdu egin duela gobernuak: «Baina ez da porrota izan».Ahal Dugu-ko Mikel Builek nabarmendu zuen bi urteotan aurreko legealdian eskubide sozialen aurka Espainian eta Nafarroan egin ziren erasoak geldiaraztea lortu dela. Haatik, Builen ustez, «aldaketan sakontzeko ordua iritsi da. Pobreziaren zergatiei eraso egin behar zaie, eta subiranotasunaren bidez aberastasuna banatzea dagokigu orain».
BIZIKIDETZA
Uxue Barkosen ustez, «biziki kezkagarriak» dira bizikidetza hausteko saioak. Alde batetik, sinboloak bata bestearen aurka jartzeko ahaleginak salatu zituen. Bestetik, «gezurra erabiliz» lurralde oreka hausteko UPNren ahalegina kritikatu zuen: «Esaten zaie Erriberako gizon eta emakumeei gobernu honek gutxiesten dituela. Ageriko gezurra bada ere, kezkatzen nau». UPNri mintzatu zaio: «Hauteskundeetan bizirauteko asmoz eta gobernuaren aurka joz, Nafarroaren izen ona zikintzen duzue».Beste kezken artean, halaber, Altsasuko auzia aipatu zuen Barkosek. Bere egin ditu Altsasuko auzipetuen senideen hitzak: «Aldarrikatzen dute ez dela zigorgabetasunik egon behar, baina, era berean, proportzionaltasuna eskatzen dute. Gobernu honek familien kezka bera du», azaldu zuen.