Lukas Agirre 24 urteko hernaniarraren hilketaren epaiketaren bosgarren saioan deklaratu dute biktimaren neska lagunak eta beste hiru lagunek. Atzoko saioan biktimaren beste bost lagunek esan zutena berretsi dute gaur: Agirrek ez zuela parte hartu 2022ko Eguberri eguneko goizalde hartan gertatu zen borrokan. Borroka hartan hil zen Agirre, labana sartuta, Okendo plazan, Donostian, diskoteka baten kanpoaldean, eta hiru lagun epaitzen ari dira hilketa horrengatik. Haietako birentzat 22 urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak; «giza hilketa» leporatzen diote bati, eta «ezinbesteko laguntzaile» izatea besteari. Hirugarrenarentzat, berriz, hiru urteko zigorra eskatu du fiskaltzak, «estaltzaile» izatea egotzita.
Biktimaren lagunek ez ezik, hilketa leporatzen dioten akusatuaren amak ere deklaratu du gaur. Azaldu duenez, semea «mozkortuta» iritsi zen etxera, gerritik gora biluzik, eta kolpe ugari zituela. Horri buruz galdetuta, semeak esan zion berak ez zuela «ezer egin».
Gaur deklaratu duten neskek esan dutenez, 06:00ak aldera gertatu zen borroka. Diskotekatik gertu sortu zen lehenengo liskarra, eta, azaldu dutenez, hilketaren ezinbesteko laguntzaile izatea egozten zaion gizonak behin baino gehiagotan sartu zuen eskua bere berokiaren barruko poltsiko batean. Atzo deklaratu zuten beste bost lagunek ere horixe bera kontatu zuten. Keinu horrek deseroso sentiarazi zituen Lukas Agirreren lagunak. Horren ostean, hilketaz akusatutakoa gerturatu zitzaien, eta demanda egin zien, haietaz barre egiten ari zirela leporatuta.
Handik gutxira, plazaren beste alderdi batean sortu zen borroka. Lekukoek esan dutenez, borroka horretan parte hartu zuten, batetik, hilketaren ezinbesteko laguntzaile izateaz akusatutakoak eta, bestetik, Agirreren lagun batzuek. Beste leku batean, Agirreren lagun batek muturreko bat eman zion hilketaz akusatuari; lekukoen arabera, labana bat eskutan zuen horrek.
Atzoko moduan, gaur deklaratu dutenek ere ez zuten ikusi Lukas Agirreri noiz sartu zioten labana. Berretsi dute biktima borroka gertatzen ari zen lekura gerturatu zela, baina ez zuela inoiz parte hartu. Agirreren neska lagunak azaldu du biktima besotik hartu zuela handik urruntzeko, baina Agirre borroka gertatzen ari zen tokira hurbildu zela. Orduan, hilketaz akusatutako gizonarekin borrokan ari zen Agirreren lagunak zera esan zuen: «Labana bat dauka!», eta ondoren ikusi zuen biktima lurrean, odoletan. Beste lagun batzuk saiatu ziren lepoko zauria estaltzen, jaka batekin. Zauria estali zion lagunak azaldu zuen biktima odol asko galtzen ari zela.
Hilketaz akusatutakoaren ama
Hilketaz akusatutakoaren amak ere deklaratu du gaurko saioan. Barkamena eskatu dio Agirreren amari, eta nabarmendu du labana beste akusatuarena dela, ez bere semearena. Gogorarazi duenez, semea etxera iritsi zenean, biluzik zegoen gerritik gora, eta kolpe ugari zituela. Horretaz galdetuta, semeak esan zion ez zuela «ezer egin», borroka batean erdian gertatu zela, jende askok kolpeak eman zizkiola, eta handik alde egin zuela. Horrez gain, akusatu nagusiaren amak berretsi du egun hartan semeak eskumutur telematikoa zeramala indarkeria matxistarekin lotutako auzi batengatik.
Ezinbesteko laguntzaile izateaz akusatuaren aitak berretsi du semeak droga kontsumitzen zuela, eta azaldu du abstinentziaren ondorioz arazo fisikoak eta psikiatrikoak izaten zituela.
Datorren astelehenean ekingo diote berriz epaiketari. Ertzaintzako kideek deklaratuko dute, besteak beste, polizia zientifikoek.