«Lukas une oro egon zen borrokatik aparte»

2022ko abenduan hil zuten Lukas Agirre, labana sartuta. Astelehenean hasi zen epaiketa, eta ekainaren 1ean bukatuko da.

Lukas Agirreren hilketaren epaiketa, astelehenean, Donostian. EFE
Lukas Agirreren hilketaren epaiketa, astelehenean, Donostian. EFE
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko maiatzaren 14a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Nahiko nuke nire semea hil zutenek kondena justu bat betetzea eta barnean duten gorrotoaz desegitea. Jende askori egin diote min: guri, beren familiei eta gizarte osoari». 2022ko abenduan hil zuten Lukas Agirre 24 urteko hernaniarra, labana sartuta, eta haren ama gaur eseri da epailearen aurrean. Agirre hil zutenean Okendo plazan izan ziren gazteetatik bostek ere gaur deklaratu dute —Agirreren lagunak—, eta han gertatutakoak kontatu dituzte. Inork ez zuen labankada bera ikusi, baina denak datoz bat kontakizunean. Esan dute Agirre ez zela «inoiz ere» liskarrean sartu. «Une oro egon zen borrokatik aparte».

Hiru lagun epaitzen ari dira. Haietako birentzat 22 urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak; «giza hilketa» leporatzen diote bati, eta «ezinbesteko laguntzaile» izatea besteari. Hirugarrenarentzat, berriz, hiru urteko zigorra eskatu du fiskaltzak, «estaltzaile» izatea egotzita.

Gaur deklaratu duten gazteek kontatu dute Victoria Cafe diskoteka barruan «hainbat aldiz» hurbildu zitzaizkiela akusatuak, baita zenbaitetan «enbarazu» egin ere. «Ez genituen ezagutzen», adierazi dute. 

Haien arabera, handik atera zirenean akusatuetako bat berriro hurbildu zitzaien —laguntzaile izatea leporatzen dioten gizona—. «Guk esaten genion ez genuela iskanbilarik nahi, Gabon gaua zela eta ondo pasatu nahi genuela, besterik ez», esan du deklaratzen lehenak. Gazteek esan dute orduantxe iritsi zela laguna hiltzeaz akusatutako mutila. «Nire laguna zirikatzen ari zarete?', esan zigun. 'Arazoak nahi dituzue?'. Guk ez genien kasu handirik egin, ez genuelako arazorik nahi». Esan dute orduan hasi zela giroa gaiztotzen. «Mehatxatu gintuzten. Esaten ziguten ez genekiela norekin hitz egiten ari ginen».

Lekukoetako batek kontatu du ohartu zela hiltzailearen laguntzaile izateaz akusatutako gizona laban bat ezkutatzen ari zela jakaren barneko ezkerreko poltsikoan, eta bertan eskua sartu eta sartu ari zela. «Esan nion ez nengoela eroso, eta atera zezala eskua poltsikotik».

Fiskalaren txostenak dio labana gordean zuen gizonak orduantxe pasatu ziola labana Agirre hiltzeaz akusatutakoari. «Ikusi nuen labana hartu zuenean galtzetako atzeko patrikan sartu zuela, eta txaketakoan gero», kontatu du beste lekuko batek.

Bihar beste bost dira epailearen aurretik pasatzekoak, bai eta Agirre hil izanaz akusatuta dagoen mutilaren ama ere. Hiru akusatuek epaiketaren azken egunetan egingo dituzte deklarazioak, maiatzaren 28an eta 29an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA