Eguberri egunean Donostian hil zutenetik, Lukas Agirre gaztearen senide eta lagunek loreak jarri dituzte Okendo plazan haren oroimenez. Haren memoria bizirik mantentzeko, ordea, beste pauso bat emateko eskatu diote Donostiako Udalari: plaka bat jartzea nahi dute Okendo plazan.
Twitterren salatu dutenez, lehen eskaerari ezezkoa eman zion udalak, «modu ankerrean». Beste eskaera bat tramitatu dute orain: «Hauteskundeak baliatuta, alderdi guztiei helarazi nahi diegu gure proposamena». Sinadura bilketa bat ere hasi dute.
Bigarren espetxeratua
Aste honetan jakinarazi dute Agirreren hilketagatik atxilotutako bigarren laguna ere kartzelatu egingo dutela. Astearte goizean hartu zuen erabakia kasua ikertzen ari den epaileak. Bigarren espetxeratuak 26 urte ditu; lehenengoak, 24. Hilketaren biharamunean, 28 urteko emakume bat ere atxilotu zuten, baina behin-behinean aske dago hura.
Lukas Agirre, 24 urteko hernaniarra, hilda topatu zuen Ertzaintzak Eguberri eguneko goizean, Donostian. Poliziak 06:20 aldera izan zuen erasoaren berri, eta Okendo plazan aurkitu zuen, Victoria Cafe diskotekatik gertu. Sastakadak zituen lepoan eta gorputzaren beste zenbait ataletan. Larrialdi zerbitzuak hura suspertzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu.