Luna eta Enrich futbolarien aurka salaketa bat ipini du andre batek

Gizonek andrearekin izandako sexu harreman baten bideoa zabaldu da. Emakumezkoaren gogoaren kontra egindako grabazio bat da

arantxa iraola
2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bi gizonezko —Eibar futbol taldeko jokalariak biak, Antonio Luna eta Sergi Enrich— eta andrazko bat sexu harremanak izaten erakusten dituen bideo batek harrabotsa eta zalaparta sortu ditu sare sozialetan eta sakelako telefonoen bidez zabaltzen diren mezuetan. Barra-barra zabaldu da: abiadura bizian. Eta agerian geratu da berriro ere teknologia berrien erabilera okerrak pertsonen intimitatean eragin ditzakeen urraketen inguruko zalantza. Izan ere,bideoan argi ageri da andreak esan zuela ez zuela harremanaren grabaziorik nahi, baina gizonen babesik ez zuela izan eskari horretan, eta grabaketa ez zutela eten. Orain, irudiak nonahi ibili dira. Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, ertzainengana jo, eta salaketa bat ipini du emakumezkoak bi gizonen aurka; bere intimitatea urratzea leporatuta egin du Poliziarenganako urratsa.

Oihartzun handia izan zuen atzo albisteak. Halakoetan usu ozendu ohi diren iruzkinak ere ugariak izan ziren; sexismoz betetako txantxa ergelak izan ziren asko, sexu harremanei buruzko berbakizun aurreiritziz josiak. Salaketaren inguruko albisteak zabaltzen hasi zirenerako ohar bat kaleratua zuten bi jokalariek herenegun, elkarrekin. «Arrangura» erakutsi zuten jazoerak futbol taldearen irudian izan ditzakeen ondorio txarrengatik, eta irudiak ikusita «mindu» direnak ere gogoan izan zituzten. «Futbolariok eredu izan behar dugu, bereziki haurrentzat». Bideoan ageri den andrea ere gogoan izan zuten oharrean: irudiak zabaldu izanak hari «kalte» egin diezaiokeela onartu zuten, eta barkamena eskatu zuten bi kirolariek. Baina zuritu egin zuten beren burua: adierazi zuten bideoaren hedatze zabala «indiskrezio» baten ondorio izan dela, eta haiek ez direla izan horren erantzuleak. Hain justu, oharrean azaldu dutenez, haien baimenik gabe hedatu da bideoa; jakinaren gainean ere ez zeuden.

Eibar futbol taldeak ofizialki ez du inolako adierazpenik egin gai honen inguruan. Keinu bat egin zuen atzo, hala ere, Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak: Leganesen (Madril) atzo jokatu behar zuten partidarako deialditik kanpo utzi zituen bi futbolariak.

Zigor Kodean ageri da

Jokalariek oharra atera zuten seguruenera arazoak saihesteko ahalegin bat egiteko. Izan ere, intimitatean hartutako irudiak zabaltzea, bertan agertzen direnen baimenarekin grabatuta badaude ere, delituen zerrendan sartuta dago Espainiako Zigor Kodean 2015. urtean erreforma egin zutenetik. Irudi horiek bertan ageri diren guztien baimenarekin hartuak badira ere, ezin dira haien oniritzirik gabe zabaldu. 1995ekoa zen aurreko legea, eta berrikuntza ekarri zuen arlo horretan. Zigorrak ebazteko orduan aintzat hartzen da ez soilik irudi horiek nola lortu ziren, baizik eta nolako adostasuna dagoen horiek zabaltzeari buruz. Hain zuzen ere, irudiak baimenarekin lortuak badira, baina, agertzen direnak jakinaren gainean ipini gabe zabaltzen badira, jar daitekeen zigorra izan daiteke hiru hilabete eta urtebete arteko kartzela zigorra. Baimenik gabe lortuak badira, bost urte arteko kondena ere ezar dezakete epaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.