Biztanleria (II). Eskualdekako egoera

Lurralde baztertuak lurralde bazterrean

Pirinio aldeko herrietan joera kezkagarria du biztanleriak: gazterik apenas, oso jaiotza gutxi, zahartze handia... Gobernuek hiri ingurua bultzatu dute, eta ahulduta dago mendialdea. Tokiko ekonomia bultzatu asmo dute han.

Biztanleria zahartzen ari da mendialdean, eta jaiotza kopurua oso eskasa da. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baztertuta dauzkatela askotan salatu dute, eta datuek berresten dute ari dela zerbait gertatzen. Biztanle aldetik galera handia ari da jasaten Pirinio aldea. Etorkizunik ikusten ez, eta alde egiten ari dira gazteak, eta erabat zahartuta dago mendialdea. Erronkari-Zaraitzuko datua esanguratsua da: 15 urte baino gutxiagoko hamar laguneko, 44 daude 65 urte baino gehiagokoak. «Modu gordinean ikusten ari da hori herri txikietan, epe ertainean desagertzeko arriskuan jartzeraino», ohartarazi du Izaskun Abril Cederna-Garalur garapen agentziako teknikariak.

Nafarroako eskualdeen egoera du aztergai agentzia horrek, eta Abrilek azaldu du mendialdeko datu orokorrek ezkutatzen dutela herri batetik besterako aldea. Finean, Euskal Herri osoko joera errepikatzen ari da Nafarroako mendialdean. «Bi dinamika nagusitu dira azken urteetan: herri txikietan behera egin du biztanleriak, baina herri handiek bilakaera positiboa dute». Nabarmen hazi dira herri batzuk: Lekunberrik, hamabost urte eskasean, %76 biztanle gehiago ditu. 1.473 dira orain.

Zergatik alde egiten dute gazteek? Bi arrazoi aipatu ditu Abrilek. Batetik, heziketa. «Gazte anitzek herria uzten dute Iruñean ikasteko, eta harreman pertsonalak eta profesionalak hirian gauzatzen dituzte. Eta gero zaila da egoera horri buelta ematea». Bestetik, lan aukerak. Aukerarik eza. «Gazteek aukera gehiago izan edo bilatu dituzte hirian, bereziki goi mailako ikasketak egin dituztenek».

Abril Nafarroako egoerari buruz ari da, baina gisa berekoa da egoera Zuberoan eta Nafarroa Beherean ere, eta Lapurdin ere badu zerikusia. Goi mailako ikasketak egiteko, Euskal Herritik joan egin behar izaten dute gazte askok, eta kanpoan hasten dute lan ibilbidea, Frantzia aldean bereziki. Ez dute beren kualifikazioarekin lotutako lanposturik hemen, eta atzerrian egiten dute bizimodua.

Gazte gutxiago, oso jaiotza gutxi, eta jendea zahartzen. Egoera horretara moldatu behar izan dute herriek. «Azken urteetan pauso handiak eman dira, baina krisia kolokan jartzen ari da lortutako zerbitzu maila». Murrizketen jomugan daude: hezkuntzan, mozketak dituzte, irakasleak eta diru laguntzak ikasle kopuruaren arabera ematen baitituzte; osasunean, landa guneetako larrialdi zerbitzuak ahuldu nahi izan ditu Iruñeko gobernuak, aurrez aurreko zerbitzua kenduz; parlamentuak atzera bota du hori. Azpiegituretan ere ez da egin aurrera, Abrilen arabera. Ardatza Iruñea izan da beti. «Landa eremuen menpekotasuna eta ahulezia dakar horrek».

Eraldaketarako, tokikoa

Egoera horri aurre egiteko, tokiko ekonomia bultzatu nahi dute. «Lan aukerak herrietan ere sor daitezke, ekintzaileak baldin baditugu. Porrot egiteari beldurra galdu behar zaio». Elkarlanean hasi dira erakunde batzuk, tokiko ekonomia sustatzeko. Asko ez dira, baina familia gazteek itxaropenerako atea zabaldu dutela nabarmendu du Abrilek. «Badira sendi gazteak herri txikien alde egin dutenak, bertan bizi nahi dutenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE