«Lurraldetasuna» hizkuntza politikara eramateko proposamena

Amaitu da arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia; bere hitzaldian, Iñaki Iurrebaso soziolinguistak proposatu du hizkuntza politika eremuka lantzea, euskararen nagusitasunaren arabera, eta gune bakoitzeko politikek elkar osatzeko eran.

Iñaki Iurrebaso, gaur, Azpeitian, Nazioarteko Konferentzia ematen Soziolinguistika Klusterraren karietara. JON URBE / FOKU
Iñaki Iurrebaso, gaur, Azpeitian, arnasguneen nazioarteko konferentzian. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko urriaren 17a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteotan soziolinguistikaren oinarriak eraberritzen lagundu duten ahotsen artean ahaltsuenetarikoa da Iñaki Iurrebaso ikertzailearena. Haren doktore tesia aski lagungarria izan da hainbat ikuskera berrikusteko, eta ideia aski eraginkorrak plazaratu ditu euskara egun zein atakatan dagoen ulertu ahal izateko. Gaur hitza hartu du arnasguneen inguruan solastatzeko Azpeitian (Gipuzkoa) egin den nazioarteko konferentzian. Berebiziko zentzua du haren izenak egitarauan, Iurrebasoren ikerketen ekarpenetako bat hau izan baita: gakoak ematea euskararen nagusitasun handiko eremuek duten garrantziaz jabetzeko, hizkuntzaren bilakaera orokorrean ere eragin positiboa dutela erakustea, eta horiek ahultzen segitzeak ekar ditzakeen arriskuez ohartaraztea. Helburu horrekin, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean dihardu lanean. Gaur berritu egin du, berriz, mezu hori: «Zaindu ditzagun lehentasunez eremu hauek».

Gogoeta batzuk euskararen indarberritzerako lurralde estrategia bati begira izena jarri dio bere hitzaldiari Iurrebasok. Eta, hain justu ere, adierazi du hizkuntza politiketan lurraldetasunaren irizpidea kontuan hartzera egin behar dela. «Jakintzan» oinarritu nahi izan du ikuspegi hori. Euskararen biziberritzearen ahultzearen gaineko zantzuak gero eta agerikoagoak dira, «ziklo aldaketaren» gaineko ohartarazpenak ozentzen ari dira, eta, ikerkuntzak ematen dituen gakoetan oinarrituta, «efizienteago eta inpaktu gehiagoz» lan egiteak berebiziko garrantzia du, Iurrebasok gogoratu duenez. Horiek horrela, ikerketa baten emaitzak erakutsita hasi du hitzaldia.

Ikerketa horretan euskaldun berriek euskararen zer «erabilera» egiten duten aztertu dute, hiztunek bizileku duten tokian euskarak duen nagusitasuna kontuan izanda. Inkesta Soziolinguistikoko datuak erabili dituzte, 1996-2021 urteetakoak. Erdara nagusi den eremuetan euskararen erabilera oso urria izaten da: Bilbo, Gasteiz eta tankerako eremuak daude hor. Mailaka, erabilera handitu ahala, bestelako eremuak daude, eta euskara gehien erabiltzen diren eremuak dira arnasgune bete deitutakoak: horietan %80tik gorakoa da erabilera. Eta euskaldun berrien portaerari begira zer eragin du horrek? Horra: «Zazpi aldiz gehiago erabiltzen dute arnasgune beteetan euskaldun berriek euskara erdara nagusi den eremuetan baino». Aztertutako tokia edozein dela ere, ikusi egin dute aldea. Noizbehinkako erabilera neurtuta ere agerikoa da: lau aldiz handiagoa da eremu euskaldunenetan. 

«Azpeitian euskaldundutako euskaldun berri batek Bilbon euskaldundutako batek baino bost edo sei aldiz inpaktu handiagoa du»

IÑAKI IURREBASO Soziolinguista (UEMA)

 «Alde horiek handiak dira», azaldu du Iurrebasok. Guztiz logikoak ere bai. «Arrazoi argiak daude: soziolinguistikaren ikuspegitik ez da gertaera arraroa». Izan ere, euskara erabiltzeko aukerak handitu egiten dira eremu euskaldunenetan, eta ingurukoek ere errazago erabiltzen eta bultzatzen dute euskararako joera. Hizkuntza politiken «inpaktua» neurtze aldera, zein da ondorioa? «Azpeitian euskaldundutako euskaldun berri batek Bilbon euskaldundutako batek baino bost edo sei aldiz inpaktu handiagoa du». Inpaktuaz gain, efizientzia aztertzera doaz orain, ikusteko euskalduntzeko prozesua bera non den azkarragoa eta samurragoa. Hipotesia da «azkarragoa eta errazagoa» dela inguru euskaldunenetan. Hainbat hilabeteren buruan emango dituzte emaitzak. Eta arnasguneetara begira, tankerako ikerketa lerro gehiago ere azter daitezkeela gogoratu du: «Dentsitatearekin lotuta daude fenomeno pila bat, tartean hau».

Galdera

«Errealitate honi jaramon egin behar diogu hizkuntza politiketan? Hori da galdera», itauna mahai gainean jarri du Iurrebasok. Ipuin baten bidez egin du galderari erantzuteko ahalegina. Gosete larriari aurre egiteko ahaleginetan lurra era «uniformean» lantzen duen komunitate bat irudikatzeko eskatu du. «Lursail batean ikusi zuten, ordea, bost edo sei aldiz gehiago ematen zuela». Orduan, erabaki egin behar izan zuten, lehengo moduan landatzen jarraitu, edota propio alor emankorrenean jardun. «Zein izango litzateke erabaki normalena?». Erantzuna argia da. Hizkuntzara ekarrita ere antzera jokatu behar dela uste du: «Gauzak ahalik eta modu efizienteenean egin behar ditugu». 

Eta horretan oinarrituta defendatu du, hain justu ere, lurralde estrategia baten beharra. «Azkarrago aurreratuko dugu lurraldeei tratamendu ezberdina emanda», azaldu du. Erabaki hori hartzeak, gainera, biziberritze prozesua bere zabalean sendotuko duela esan du. «Espazioak elkarren eraginean daude: eremu euskaldunenetatik euskara irradiatzen da gainerakoetara, eta euskara irradiatzen duten eremu batzuk izateak mesede egiten du». Horregatik uste du behar direla hori aintzat hartzen duten hizkuntza politikak, arnasguneak babestera eginda. «Horiek galtzeko arriskuan gaude; jakinda horrek zer galera ekarriko lukeen euskararentzat, horiei ere lehentasuna eman behar zaie». Horregatik behar da «lurralde estrategia» bat.

Bost irizpide aipatu ditu. Baga: «Lurralde eremu guztietan eragin behar da», argudiatu du. «Orain ezin da pentsatu eremu erdaldunetan ez dela eragin behar: denok gara komunitate bat. Ezin da horrelakorik planteatu». Biga: esku hartze molde «ezberdindu eta egokituak» egin behar dira lurraldeka. Higa: ingurune euskaldunagoei «motor lidergo aitzindariaren» rola eman behar zaie. «Esan izan da hiriburuei eman behar zaiela aitzindaritza hori. Egia da sinbolikoki-eta erreferente direla, eta bereziki zaindu behar dira. Baina gure hiriburuek, dituzten baldintzengatik, ezin dute lidergo hori jokatu. Ez da erreala. Lidergoa joka dezakete ingurune euskaldunek». Laga: «arreta berezia» jarri behar da horregatik eremu horietan. «Zenbat eta lurralde euskaldunagoa, orduan eta arreta bereziagoa: politiken oinarrizko printzipioa izan beharko litzateke hori». Boga: zona euskaldunagoak gainerako eremuen euskalduntzerako «baliabide eraginkor» bihurtu beharko dira, eta hori nola egin daitekeen aztertu behar da. 

«Zenbat eta lurralde euskaldunagoa, orduan eta arreta bereziagoa: politiken oinarrizko printzipioa izan beharko litzateke hori»
IÑAKI IURREBASO
Soziolinguista (UEMA)

«Mapa» bat egiteko

«Zonifikazio baterantz?». Galdera tentuz jarri du mahai gainean Iurrebasok, aintzat hartuta hitza bera kezkaz hartzen dutela euskaltzale askok. Nafarroan erabiltzen da lurraldeak bereizteko euskarari ematen zaion babes juridikoaren arabera, desberdinkerietarako, eta kritikarako motibo da. Eta, bai, Iurrebasok mahai gainean jarri duen proposamenean nahi dute zonaldeen arteko banaketa bat, baina ez euskaldunei eskubideak murrizteko. «Baizik eta mapa bat sortzeko ikusteko zer zonalde dauden politika aurreratuagoak egiteko: egun egiten dena baino gehiago egiteko».

Adina izan da iragan hamarraldietan hizkuntzaren biziberritzea gidatu duen irizpideetako bat: haur eta nerabeak euskaraz hezteko ahalegina. Emankorra izan da, baina euskararen aldeko «olatu» berri bat sortu behar dela esaten ari dira euskalgintzako eragile asko. Horri lotuta, aintzat hartzeko «ardatz nagusi moduan» proposatu du Iurrebasok lurraldetasuna, eta horren aldeko ahaleginera batzeko deia egin dio, oro har, euskararen komunitate osoari. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.