Euskarak badu periferia bat, eta, horrenbestez, badu zentro bat. Azken boladan zabaltzen ari den diskurtso bat da. Eta zentro horri egin izan zaio kritika: baduela hegemonia, boterea... Gaur, baina, kontrakoa defendatu dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlari Haritz Garmendia eta Alaitz Aizpuruk, eta, Mikel Artola ikerlariak, Azpeitian (Gipuzkoa), Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzian eman duten Euskarak ez du periferiarik, zentrorik ez baitauka hitzaldian.
Ikusi gehiago
«Gure ustez, euskal komunitatearen biziberritzean arnasguneek izan beharreko zentraltasuna auzitan dago zenbait diskurtsotan, eta diskurtso horietako bat da euskararen periferiak bezala kategorizatu duguna». Hala hasi da Artola. Hain zuzen, diskurtso hori bera «problematizatu» nahi izan dute gaurko hitzaldian, «gerturaketa kritiko bat» egin. «Duela zortzi-bederatzi urtetik euskaldunon artean eta, are, euskalgintzan zabaldu eta normalizatu den diskurtso bat da». Dio «eroso samar, eroso edo erosoegi» dabilela diskurtsoa euskalgintzako erreferente ia guztien ahotan: «Gure ustez, larriena da euskalgintzan dabiltzan kulturgintzako izen-abizendunen ahoetan eta idatzietan ari direla airatzen ideia hauek».
Baina zergatik kezka? Gogoetarako galdera egin du Artolak: «Euskarak ba al du hegemonia politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala duen gunerik?». Haren esanetan, zentro-periferia diskurtsoez aritutakoan, zera izaten da xede: zentroa «eraistea». Horrenbestez: «Uste dugu euskararen periferien eta zentroen kategorizazio eta kontakizun horrek euskarari, euskalduntasunari eta, beraz, euskaldunoi fabore baino kalte askoz gehiago egiten digula». Hots, «etxekalte» aritzea dela: «Euskalgintza indartu beharrean, erdalgintza indartzen duela irizten diogu».
«Uste dugu euskararen periferien eta zentroen kategorizazio eta kontakizun horrek euskarari, euskalduntasunari eta, beraz, euskaldunoi fabore baino kalte askoz gehiago egiten digula»
MIKEL ARTOLA Ikerlaria
Lau ezaugarri
Diskurtsoaren nondik norakoak gehiago aletu ditu Garmendiak. Euskararen periferiak diskurtsoaren lau ezaugarri nagusi zerrendatu ditu horretarako. Bat: diskurtso askotarikoa eta nahasia da. Bi: ez dago euskaran ardaztuta. Eta, Garmendiaren esanetan, «korapilo horren muinean» zera dago, besteak beste: «Euskararen periferiak diskurtsoak ez du kontuan hartzen euskal nazioa estaturik gabeko nazio zatitua dela, eta, ondorioz, euskararen gaineko irakurketa sarri estatu arrotzen matrizetatik abiatuta egiten du». Hiru: zalantza egin dute arnasguneak ote dituen jopuntuan. Horrela azaldu du Garmendiak: «Diskurtso berri honek badakar beste berritasun bat ere. Ea nola esaten dugun. Periferia hauek badute jopuntuan duten zentro bat, eta, bueltan-bueltan, guztien artean osatzen, elikatzen eta indartzen duten ideia da euskararen arnasguneak euskararen zentroak direla». Eta galdera egin du: «Euskararen arnasguneak (Errezil, Arantza, Aramaio...) boterea, legea, erabakigunea, agintea, hegemonia, pribilegioa... eta halako ideiekin erlazionatzen al ditugu? Arnasguneak hegemonia kultural-politikoak al dira Euskal Herrian?». Kontrara, Garmendiak nabarmendu du zenbait hizkuntzalarik esana dutena, euskara normal eta arau izango den guneak ezinbestekoak direla: «Orain, gure kulturgintzan, tabua izan behar al du komunitate batek trinkotu egin behar duela esatea bera ere?».
«'Euskararen periferia' diskurtsoaren arabera, arnasguneetako euskalduntasunak ez dio balio euskalgintzari etorkizunerako, eta arnasguneetako ez den beste euskalduntasun baten beharra dago»
HARITZ GARMENDIA EHUko ikertzailea eta irakaslea
Eta laugarren ezaugarria: «aurreiritzi kultural-linguistiko kolonialak» indartzen dituela. Hauexek, besteak beste, Garmendiaren esanetan: «Arnasguneetan, erraz, natural, konplexurik gabe, ahaleginik egin gabe bizi dira euskaraz; arnasguneetako euskaldunak pribilegiatuak dira; arnasguneetako euskaldunak oso euskaldunak dira, eta hortik kanpoko euskaldunei paternalismoz edo gutxiespenez zuzentzen zaizkie; arnasguneetako euskaldunak zapaltzaileak dira arnasguneetakoak ez direnekin...». Eta, horrenbestez: «Euskararen periferia diskurtsoaren arabera, arnasguneetako euskalduntasunak ez dio balio euskalgintzari etorkizunerako, eta arnasguneetako ez den beste euskalduntasun baten beharra dago».
Behin diskurtsoaren azterketa xehea eginda, kritika irmoa egin diote. Hala esan du Aizpuruk: «Gure ustez, diskurtso hau, nahita edo nahigabe, asimilazio erdaltzalearen prozesuan beste pauso bat gehiago da. Diglosia linguistiko eta kulturalaren asmakizun berritua. Euskalgintzaren helburuekiko aurrera egin beharrean, atzera egitea dakar, argi eta garbi. Eta ez litzateke euskalgintzaz mozorrotu beharko».
«Euskaran ardaztuta bageunde, erraz ikusiko litzateke arnasguneak eta arnasguneetan bizi direnak ez daudela boterean, ez dutela inongo botere hegemonikorik Euskal Herrian»
ALAITZ AIZPURU Mondragon Unibertsitateko ikerlaria
Haren esanetan, diskurtso hori ez da «euskararen periferia», baizik eta «espainolaren eta frantsesaren periferia». Izan ere: «Euskaran ardaztuta bageunde, erraz ikusiko litzateke arnasguneak eta arnasguneetan bizi direnak ez daudela boterean, ez dutela inongo botere hegemonikorik Euskal Herrian. Eta arnasguneetan ere diglosia linguistiko eta kultural gogorra bizi dela».