Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza zutik mantentzeko egin beharreko lanak hastear dira, uda sasoia baliatuta. Hala erabaki zuten Martxoaren 3ko Fundazioko kideek ekainaren hasieran egindako bileran. Baina eztabaida nagusiari izkin egin zioten: memoria guneari zer-nolako izaera eman, zerekin jantzi.
Memoria gunea sortu eta kudeatzeko patronatuak sei hanka ditu: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Gasteizko elizbarrutia eta Martxoak 3 eta Memoria Gara talde memorialistak. Zenbat buru, hainbat aburu. Jaurlaritzaren menpeko Gogora-ren nahia da, esaterako, Martxoaren 3ko sarraskiari buruzko zentro bat soilik egin beharrean «asmo handiagoko» memoria gune bat eraikitzea eta trantsizioa deritzon gizarte aldaketa guztia barneratzea, 1976. urtean ETAk hildako lau pertsonak tartean.
Julen Diaz de Argote Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak ez du proposamenaren inguruko balorazio zehatzik egin, erabakia patronatuari dagokiola iritzita. Kontsentsuaren alde hitz egin du. Gainera, eztabaida «foro egokian» egin behar dela azpimarratu du, eta ez komunikabideen bidez. Izan ere, Alberto Alonso Gogora-ko zuzendariak Ser Euskadi irrati katean egindako elkarrizketa batean argitu zituen bere asmoak, eta, Diaz de Argotek esan duenez, haiek ez dute jakinarazpen ofizialik jaso. «Guk gure proposamena idatziz banatu diegu beste eragileei, baina haien proposamenik ez dugu jaso. Ez da serioa». Hurrengo bilera irailean izango da.
Bitartean, Martxoak 3 elkarteak, Memoria Gara taldearen bitartez, M3moria auzolana izeneko proiektu bat du martxan. Ahalik eta ondare handiena pilatzeko egitasmoa da. «Nahiko oparoa izaten ari da». Martxoaren 3ko sarraskiarekin lotura zuzena duten objektuez gain —bala zorroak, zaurituen mediku txostenak...—, testuingurua aberasteko piezak ere lortu dituzte. Esaterako, greban zeuden langileen hainbat jantzi, grebaren aurreko eta ondorengo nominak, protesta egiteko erabili ziren poltsa hutsak... Gainera, ondare immateriala biltzeko lanetan ere ari dira. Azken urteetan 70 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte, eta beste hogei elkarrizketatu posible identifikatuak dituzte.
Eliza, erortzeko arriskuan
Diaz de Argoterentzat berri ona da San Frantzisko elizan konponketa lanak egitea. Elkarte memorialistek behin baino gehiagotan salatu dutenez, San Frantzisko eliza egoera «larrian» dago: teilatua eta sabai leihoa behera jausteko zorian daudela ohartarazi zuten urteurrenaren bezperan, eta esku hartu ezean aztarnak galtzeko arriskua egongo dela.
«Gutxieneko» konponketak izango direla aurreratu du, «erortzea eragozteko» asmoz eginak. Urrunago joatea gustatuko litzaioke. Indusketa arkeologikoak egiteko ere eskatu du, adibidez. 1976. urtean, elizaren inguruan zulo bat zegoen, egun belardiak dauden tokian, eta jakin nahi dute ea lurpean aztarna historikorik ba ote dagoen. Halaber, azterketa topografikoa egiteko eskatu zuten bileran, eraikinean dauden marka guztiak katalogatzeko. «Aintzat hartuko direla esan ziguten, baina zehaztasun gehiagorik gabe». Gaineratu du era horretako lanak egin izan direla beste zenbait tokitan.
Ohartarazi du presa ez dela bidelagun ona. Orain hasiko dituzte lanak, 2026. urteko martxorako bukatuta edukitzeko. «Ez dugu presarik eduki behar: ez gaitzala 50. urteurrenak itsutu. Hobe da gauzak patxadaz eta ondo egitea».
Elizako ateak zabaltzeko balioko duela desiratu du. Askok nahi izan dute barrura sartu, baina inor gutxik lortu du aurrera egitea. «Ia ezinezkoa da», dio Martxoak 3 taldeko kideak. 1976. urteko martxoaren 3an gertatutakoa azaltzeko bisita gidatuak egiten dituzte, baina txangoa ezin dute sarraskiaren epizentroan bukatu, eta elizaren albo bateko gela txiki batekin konformatu besterik ez dute; are, Gabonetatik, jaiotza batek erabat mugatzen du ikuspegia. «Behin eta berriz eskatu dugu elkarte memorialistek San Frantzisko elizako giltzak edukitzea, baina ez dizkigute eman», salatu du. Espero du «laster» barrura sartzeko aukera izatea. «Oso arraroa izango litzateke publikoa izango den eremu batean patronatukoek sarrera mugatua izatea».
1976. urteko urtarrilean, lan baldintzak hobetzeko mobilizazioak hasi zituzten langileek. Martxoaren 3an, greba orokorrera deitu zuten, eta babes handia izan zuen. Milaka langile elkartu ziren San Frantzisko elizan. Espainiako Poliziak negar gasa bota zuen barrura, eta erabilgarri zegoen ate bakarrean itxaron. Tiro egin zieten langileei; bost lagun hil ziren, eta ehunka zauritu.
Tentsio handiko garaia zen, Franco diktadorea hil eta gero demokrazia ezartzeko hilabete erabakigarriak baitziren. Sarraskiak are gehiago gaiztotu zuen egoera, eta bost egun geroago beste lagun bat hil zen Basaurin (Bizkaia) izandako istiluetan. Azkenean, Espainiako Gobernuak amnistia eta sindikatuen legeztatzea onartu zituen, besteak beste.