Gasteizko San Frantzisko eliza konpontzeko lanak udan hasi nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Horrela erabaki du gaurko bileran Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioaren Patronatuak. 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen egindako sarraskiari lotutako balio sinboliko eta historiko handiko espazioa da eliza hori, eta oroimenezko zentroa bertan egiteko asmoa dute. Patronatuak egoitza ere han izango du.
Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburua izan da sortu berri den patronatuko buru. Haren aburuz, gaurko bilerak, patronatuaren lehenengoak, garrantzi praktiko eta sinboliko handia du. Izan ere, bertan hizpide izan dute oroimenezko zentroa izango dena nola dagoen eta haren mantentze lana. Bileran izan dira erakunde publikoetako ordezkari ugari, baita elkarte memorialisten ordezkariak ere. Adibidez, Memoria Gara elkarteko kideak eta Martxoak 3ko biktimen elkartekoak.
Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonsok adierazi duenez, lanak udan hasi eta 2026ko martxorako amaituta egotea espero dute. Izan ere, orduan beteko da sarraskiaren 50. urteurrena, eta «eraikin horretan oroitu nahi dugu».