Gasteizko Martxoak 3 elkarteak ohartarazi du Biktimen Oroimenezko Zentroko patronatua utziko duela Gogora-rekin adostutakoa «errespetatzen ez bada». Ohar bidez adierazi duenez, datorren astelehenean da patronatua biltzekoa, eta hala jakinaraziko du bilera horretan. 1976ko martxoaren 3an, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzartutako ehunka langile aterarazi zituzten, negar gasa erabiliz. Irteeran, Poliziak tiro egin zuen; bost langile hil zituzten, eta ehunka zauritu. Martxoak 3 elkarteak gorde du azken bost hamarkadotan gertakari haien oroitzapena, eta erantzukizuna argitzeko eskatu die erakundeei. Gasteizen patronatu bat sortu zuten, gertakari haiek izandako lekua memoria toki izan zedin, eta patronatu bat eratu, erakundeak eta M-3 elkartea bilduta.
Erakundeek 2021ean jakinarazi zuten Oroimenezko Zentroa eraikitzeko asmoa. 2024an, M-3 elkarteak eta Eusko Jaurlaritzaren mendeko Gogora institutuak elkarlanerako hitzarmen bat adostu zuten. Akordio horri esker, Martxoaren 3ko Oroimenezko Zentroaren Estatutuak onartu zituzten, baita Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara elkarteak patronatuan parte hartzeko bidea ere. Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Eliza dira parte hartzaileak, besteak beste. Azken horiek hiruna parte hartzaile dituzte; memoria elkarteek, berriz, bina. Oharrean azaldu dutenez, «elkarlana eta aholkularitza» lantzeko asmoarekin erabaki zuten memoria elkarteak patronatuan sartzea.
«Elkarlan eta aholkularitza hitzarmenean bermatzen ez bada martxoaren 3koaren oroitzapena hamarkadotan bizirik gorde duten elkarteek parte hartze eraginkorra izatea, zentroak ez du zentzurik izango biktimentzat, eta, ondorioz, Martxoak 3 elkarteak utzi egingo du fundazioko patronatua»
M-3 elkartea
Uste dute hitzarmena eraginkorra dela Biktimen Oroimenezko Zentroa diseinatzeko, eta horren isla dira orain arteko emaitzak: 187 elkarrizketa, gertakarietako biktimekin, bizirik atera zirenekin eta garai hartako greba prozesuetako protagonistekin eginak; M-3 elkarteak donazioan jasotako 50 objektu baino gehiago —hildakoen gauzak, poliziek jaurtitako munizioa, garai hartako laneko arropa, nominak, tresnak, argazkiak...—; eta artxibo historiko bat, garai hartako publikazioez, liburuez, aldizkariez, bideo eta dokumentalez, adierazpen artistikoez, kartelez, pegatinez eta abestiez osatua.
Aurrekontua
Hitzarmen horren arabera, 2024an eta 2025ean 35.000 euroko aurrekontua zeukan egitasmoak, eta, laugarren klausularen arabera, beste lau urtez luza liteke aurrekontua, 2028ko abenduaren 31ra arte. «Lan lerroak eta ikerketa ez dira amaitu, ezta gutxiagorik ere, eta Eusko Jaurlaritzak bere kasa erabaki du aurrekontuetatik diru sail hori kentzea 2026rako».
Elkarteak jakinarazi duenez, Martxoak 3 elkarteak bilera bat izan zuen Gogora-ko zuzendariarekin urriaren 31n, egoeraren larritasuna helarazteko eta elkarlanaren jarraipenak zuen garrantzia azpimarratzeko: «Geroztik, elkarteak ez du adostutakoa beteko den bermerik jaso. Jarraipen batzorderako deirik ere ez da izan, hitzarmena luza dadin [iaz azaroan elkartu ziren]».
Hori guztia ikusita, batzarra egin zuen Martxoak 3 elkarteak atzo, eta zera erabaki zuen: «Elkarlan eta aholkularitza hitzarmen horretan bermatzen ez bada martxoaren 3koaren oroitzapena hamarkadotan bizirik gorde duten elkarteek parte hartze eraginkorra izatea, adostutakoa betetzen ez bada, zentroak ez du zentzurik izango biktimentzat, eta, ondorioz, Martxoak 3 elkarteak utzi egingo du fundazioko patronatua».