M-3ko eta M-8ko aldarrikapenak mobilizazioaren bidez lotzeko deia egin du Gasteizko Itaiak

Martxoaren 3an eta 8an kaleak hartzeko deia egin du erakundeak, Gasteizen eginiko agerraldian.

Gasteizko Itaiaren agerraldia. ITAIA
Gasteizko Itaiaren agerraldia. ITAIA
Ion Orzaiz.
2026ko otsailaren 26a
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela 50 urte, 1976ko otsailaren 26an, hiru milatik gora emakume kalera atera ziren Gasteizen, eskuetan poltsa hutsak zituztela. Aldarrikapen ugari ozendu zituzten egun hartan: besteak beste, bizitzaren garestitzearen eta soldaten izoztearen aurka egin zuten protesta, baita kaleratutako langileak berriro hartzearen eta errepresaliaturik ez egotearen alde ere. Orain, Itaia erakundeak emakume horien memoria gaurkotu nahi du, Martxoaren 3ko eta Martxoaren 8ko aldarrikapenak mobilizazioen bidez lotuta.

«Emakumeek modu aktiboan parte hartu zuten martxoaren 3ko testuinguruko borroketan, izan fabriketako asanbladetan, izan emakumeen asanbladetan. Emakumeen jardunari esker borroka subjektua hedatu zen, eta hilabete horietako ekimenak eduki politiko eta sozial propioz hornitu zituzten, borroka beraren dimentsioa biderkatuz», azaldu dute Itaiako kideek, gaur Gasteizen egin duten agerraldian.

1976ko borroka horien «gaurkotasuna» nabarmendu dute: «Emakumeon zapalkuntzaren gaineko kontzientzia hartu zuten emakume horiek: soldata arrakala, lana eta familia bateragarri egiteko ezintasuna edota garaiko matxismoaren aurka borrokatu zuten. Emakumeon gaur egungo egoera berrogeita hamar urte igaro diren arren, emakumeon aurkako zapalkuntzak bere horretan dirau». Horren adibide batzuk ere eman dituzte: «2025ean soldata arrakala %16,47koa izan zen EAEn; lan sektore feminizatuetan esplotatuta jarraitzen dugu: miseriazko soldatak, lan baldintza penagarriak, aitortza sozialik gabeko lanak egiten eta, gainera, eskubide politikoak etengabe urratzen dira. Gainera, zerbitzu publikoak desegiten ari dira, eta zaintza lanak gure bizkar gainean gelditzen dira».

Faxismoaren indartzearekin batera, gainera, «matxismoaren normalizazioa» heldu dela uste du Itaiak: «Gero eta gehiago dira indarkeria matxistaren existentzia ukatzen duten ahotsak eta, aldi berean, gure aurkako indarkeria etengabea da». Horiek horrela, beharrezkotzat ikusten dute martxoaren 3an eta 8an emakumeek «borrokaren lehen lerroa hartzea», eta zenbait mobilizazio antolatu dituzte bi egun horietarako.

Martxoaren 3an, bi manifestazio eginen dituzte: 11:30ean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta; eta 17:00etan, Iparraldetik aterata. Martxoaren 8an, berriz, «emakume langileen askapenaren alde» aterako da Itaia kalera: 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.