Macronek konfinamendua agindu du, eta bozak atzeratu ditu

Astearte eguerdian sartuko da indarrean konfinatzeko agindua, eta hamabost egun iraungo du printzipioz. Zergen eta gizarte kotizazioen ordainketa atzeratu egingo da, baita ur, argi eta gas fakturena ere.

Emmanuel Macron, astelehen honetan. THIBAULT VANDERMERSCH (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 16a
20:58
Entzun

Urgentziaz hartu beharreko bi neurri zituen mahai gainean Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta biei heldu die telebista bidez iluntzean egindako adierazpenean. Batetik, jakinarazi du koronabirusaren pandemia dela-eta atzeratu egin duela herriko bozen bigarren itzulia, baina ez du zehaztu noiz arte. Presidenteak hauteskundeetarako egunik zehaztu ez badu ere, Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak ekainaren 21ean egitea proposatu die Senatuko eta Asanblea Nazionaleko presidenteei eta hainbat alderditako buruei.

Bestetik, Macronek jakinarazi du bihar eguerdian hasi eta datozen hamabost egunetan herritarrak ezingo direla etxetik irten eta beste inorekin bildu, eta joan-etorriak mugatuko dituztela «behar-beharrezkora»: tratamendu medikoak jasotzeko, erosketak egiteko, eta, telelana ezinezkoa den kasuetan, lanera joateko —duela bi egun agindu zuen «oinarrizkoak ez diren negozioen» itxiera—. Arau horien edozein urraketa zigortuko dutela ohartarazi du.

100.000 polizia

Hurrengo orduetan 100.000 polizia eta jendarme aterako dituzte kalera, konfinamendu agindua betearazteko. Kalera irteteko debekua urratzen duten herritarrei 135 euro arteko isunak jarri ahal izango dizkiete. Etxetik irten ahal izateko, Barne Ministerioaren agiri bat lortu beharko dute —edo eskuz egin, adierazi dutenez—. Italian ere ezarria dute eskari hori: kalera irten behar duenak Barne Ministerioaren baimen bat lortu behar du. Espainiak ez du halakorik ezarri oraingoz. Kazetariak libreki ibili ahal izango dira kalean, txartela gainean dutela.

Astearteko 12:00etan sartuko da indarrean mugikortasuna murrizteko debeku hori, eta, printzipioz, hamabost egun iraungo du. Espainiako Gobernuak bezala, Frantziakoak ere ezarri ditu kalera irten ahal izateko salbuespen batzuk: adibidez, mendekotasuna edo laguntza behar duen norbait ikustera edo laguntzera joatea, eta etxeko animalia paseatzera ateratzea.

Frantziako mugak ixteari buruz ere galdetu diote Macroni: adierazi du konfinamendua ezarri baldin bada ez duela zentzu handirik mugak igarotzeak —hemen muga zeharkatzeko herritarrek bete behar duten agiria—. Edozein moduz, lanera joateko, salgaiak garraiatzeko eta «ezinbesteko arrazoiengatik» muga igaro behar bada, horretarako aukera izango da, adierazi duenez.

Uraren eta argiaren ordainketak, atzeratuta

Neurri ekonomikoak ere iragarri ditu Macronek: gaur ezagutaraziko dituzte gehiago. Aurreratu du enpresaburuei laguntzeko «elkartasun funts bat» sortuko duela gobernuak, eta kargu sozialak eta fiskalak atzeratzeko «salbuespenezko dispositibo bat» jarriko da martxan; horrez gain, estatuak 300.000 milioi euroko bermea jarriko du enpresa txikien alde, hartutako banku maileguetarako. «Enpresa bakar bat ere ez dugu utziko kiebra jotzeko arriskuaren menpe».

Macronek jakinarazi duenez, estatuak bere gain hartuko du hartutako banku kredituen ordainketa. Era berean, bertan behera geratuko dira —atzeratu egingo dira— zerga eta gizarte kotizazioen ordainketak, ur, argi eta gas fakturenak, eta alokairuenak ere bai. Ez da argi geratu azken hori enpresei edo herritar guztiei ezarriko zaien, baina Macronek nabarmendu du «frantziar bakar bat ere» ez dela baliabiderik gabe geratuko.

Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroak, berriz, enpresa eta langileentzako 45.000 milioi euroko laguntza sorta bat iragarri du. RTL irratiari eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, egoerak aldatu egin ditu gobernuaren aurrekontuetan jasotako aurreikuspenak, eta barne produktu gordina %1 baino txikiagoa izango dela uste du.

«Talka bortitza izango da», adierazi du Le Mairek, Frantziako egoera eurogunekoarekin alderatu ostean. Ekonomia «atzeraldian» sartuko dela aurreratu du, eta «gerra ekonomikoa eta finantzarioa» iraunkorra izango dela ohartarazi. «Koronabirusaren izurritea atzean geratzen denean ekonomia oso indartsu abiatu ahal izatea da helburua», adierazi du.

Ekonomia ministroak herritarrei eskatu die dendetan ez pilatzeko, eskasia egongo balitz bezala. «Ez da egongo, salbu eta mundu guztia presaka badoa. Diru erreserbak eskudirutan pilatzea ere alferrikakoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.