Maddi Alberdi San Martin EHUko ikerlariak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gaztea Saria. Gatibutasunetik askapenera: Marcela Lagarderen feminismoa eta euskal emakume abertzaleen bizipenak elkarrizketan lana ondu du eibartarrak, feminismoa eta euskal nazionalismoa uztartuz. Epaimahaian nabarmendu duenez, «ikuspegi teoriko berritzaile» bat proposatu du horretarako, Marcela Lagarde etnologo eta antropologo mexikarraren kontzeptu analitikoak euskal testuingurura egokituta.
Alberdi Gizarte Lanetan graduatua da, eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterra egina du EHUn. Aurkeztutako lana, berriz, haren doktorego ikerketaren pean kokatzen da. Eusko Ikaskuntzak azaldu duenez, lan horrek xede du «euskal nazionalismoaren eta feminismoaren arteko lotura aztertzea, emakume abertzaleen ikuspegi eta bizipenak oinarri hartuta». Bide beretik, Alberdik iaz egindako elkarrizketa batean azaldu zion BERRIAri hutsune handi bat nabari zuela nazionalismoaren azterketetan, eta ezinbestekotzat jo zuen genero ikuspegia txertatzeko bideak jorratzea: «Gutxi ikertu da emakumeok zer diogun nazioari buruz subjektu moduan».
Bere lanean, besteak beste, Lagarderen, «Latinoamerikako feminismoaren erreferente nagusietako baten», kontzeptu analitikoak baliatu ditu Alberdik, eta epaimahaiak txalotu egin du «euskal errealitatea ikuspegi transnazional batetik» pentsatu izana. Argudiatu dute horrek euskal gizartea ulertzeko kontzeptu eta ikerketa bide berriak dakartzala berarekin.
Eusko Ikaskuntzaren sariak 35 urtetik beherako gazteek Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien arloetan egindako sorkuntza eta ikerketa lanak babestea du xede, eta horretarako 6.000 euroko saria emango dio Alberdiri. Horrekin batera, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Genero Ikasketen eta Ikerketen Zentroan egonaldi bat egingo du Alberdik.
Hain zuzen, egonaldi horren helburua da Lagarderen pentsamenduan sakontzea, marko teoriko hori «euskal errealitateari buruz bildutako datuen analisiarekin elkarrizketan jartzeko». Eusko Ikaskuntzaren arabera, horrek bi ekarpen dakartza: batetik, doktorego ikerketa bera aberastea; bestetik, Lagarderen teoriari ekarpena egitea, eta «haren balio analitikoa indartzea».