Espainiako Auzitegi Nazionalak errugabetzat jo du Alberto Ilundain, hura behin-behinean aske utzi eta astebetera. ETAk 1990ean egin zuen atentatu saio batekin lotu zuen auzitegiak, eta joan den astean epaiketa egin zioten, Madrilen, baina ez dute haren aurkako frogarik aurkitu.
1990eko urriaren 13an, ETA droga trafikatzaile baten aurkako erasoa egiten saiatu zen, Iruñean, eta Espainiako Poliziak Mikel Castillo etakidea hil zuen, tiroz. Bautista Barandalla, berriz, atzeman egin zuten, eta taldeko hirugarren kidea ez zuten harrapatu eta identifikatu. Kide batzuen torturapeko adierazpenak baliatuz, hirugarren hori Ilundain ote zen aztertu dute, baina ez dute frogarik aurkitu, eta Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du.
Ilundainek hemezortzi urte egin zituen preso, Frantzian. Kartzelaldia bukatu ostean Espainiaratu egin zuten, aipatutako auzia zela medio. Joan den ostegunean atera zen behin-behinean aske, Valdemoro espetxetik.