«EH Bilduk, ERCk, Compromisek, Mas Paisek eta Espainiako udalen eta autonomia erkidegoen federazioak gastu muga malgutzeko eskatu diote gobernuari, eta eskaria jasoko dugu». Hori iragarri du Maria Jesus Moreno Espainiako Ogasun ministroak, gaur goizean, Espainiako Kongresuko tribunatik.
Aurrekontuen aurretik onartutako neurri horren bidez, autonomia erkidegoek eta udalek malgutasun handiagoa izango dute gastu mugan –gastu publikoa hazkundeari lotutako erreferentzia baten gainetik handitzea eragozten du–. Proiektuak aldeko 168 boto jaso ditu –EAJ, Mas Pais, Compromis, Nueva Canarias, Coalicion Canaria, PRC eta Teruel Existe–, 150 parlamentarik aurka bozkatu dute –PP, Vox, Junts per Catalunya, Ciudadanos, CUP, UPN eta Foro Asturias–, eta 19 abstenitu egin dira –EH Bildu, ERC eta BNG–.
EH Bilduk eta PSOEk atzo egindako bileraren fruitua izan daiteke gaurko erabakia. Aurrekontuez hitz egiteko bildu ziren, atzo, Espainiako Kongresuan, eta aurretik onartu beharreko gastu mugaz ere aritu ziren. Monteroren hitzartzearen ondoren, Oskar Matute EH Bilduko parlamentariaren txanda izan da. «Udaletakoek askotan esaten digute baliabideak dituztela eta zorra kontrolatua dutela, baina ez zaiela uzten gastatzen. Hori ulertezina da», nabarmendu du. Azaldu duenez, gastu muga igoz, superabita daukaten udalek aukera izango dute inbertsio handiagoak egiteko politika sozialetan eta herritarrentzako zerbitzuetan. «Aurrekontuen prozesua hasteko lehen pausoa da hau», zehaztu du.
EAJko parlamentari Idoia Sagastizabalek ohartarazi du ezen, gaur eman duten baiezkoarekin gobernuari «eskua luzatu» badiote ere, ez duela esan nahi «txeke zuria» denik aurrekontuetarako. Neurriaren alde egitearen arrazoia ere azaldu du: «Aukera egon beharko luke superabita herritarren beharrak asetzera, zerbitzu publikoak hobetzera eta kalitatezko enplegua bultzatzera bideratzeko».