Sei milioi euro baino gehiago. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Hego Euskal Herrian dituzten azpiegiturak berritzeko diru kantitate hori xahutuko duela jakinarazi du gaur Espainiako Barne Ministerioak. 2034ra arte, gutxienez, zazpi proiektu gauzatuko ditu Madrilek Hego Euskal Herrian dituen polizia instalazioetan.
Bizkaian egingo dute berrikuntza gehien. Espainiako Poliziaren Basauriko komisaria berritzeko 1,5 milioi euro erabiliko dituela aurreikusi dute; Arlo Fiskaleko eta Mugen Arloko Barakaldoko Destakamenturako, 875.000 euro; eta Guardia Zibilak Algortan eta Durangon dituen kuartelak berritzeko, beste 353.000 euro. Guardia Zibilaren Donostiako komandantzia berritzea ere aurreikusi dute, eta, horretarako, 2,05 milioi euro gastatuko dituzte.
Nafarroan beste bi proiektu egingo dituzte. Batetik, Iruñeko Belosogoiti barrutian Espainiako Poliziaren azpiegiturak hobetzeko milioi bat euro erabiliko dituzte. Eta Iruñean bertan tiro zelai berri bat eraikiko dute, horretarako 600.000 euro erabilita.
Fernando Grande-Marlaskak gidatzen duen ministerioak guztira 740 milioi euro gastatuko ditu estatu osoan 2034 arte, 302 proiektu egiteko. Hortaz, ia hirukoiztu egin dute iazko abenduan onartutako aurrekontua. Haren arabera, Madrilek 262 milioi euro erabiltzekoa zen 2029ra arte. Gaur onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak aldaketa hori.