«Gure ardura da, gizarte zibilarena eta gorte nagusietan gure ordezkari politiko direnena, gorrotoaren, sufrimenduaren eta mendekuaren atea erabat ixtea edo, gutxienez, apur bat ixtea», adierazi dute gaur goizean Donostian Sare Herritarrak deituta batu diren hamaika gizon eta emakumek, eta euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika «ankerra» bazterrean uzteko eskatu zuten. Horiek horrela, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PSN, Elkarrekin Podemos, Geroa Bai eta Ezker Batuari mintzatu zaizkie, bereziki; Hego Euskal Herriko erakundeetan espetxe politika aldatzearen aldeko aldarrikapenak behin baino gehiagotan babestu dituztela gogoratu diete, eta «testigantzazko» mezu horietatik harago egin behar dutela orain. «Orain da garaia». Madrilen erabakigarriak izan daitezke talde horietako zenbait PSOEk eta Unidas Podemosek eratu nahi duten gobernu berria osatzen laguntze aldera, eta, ingurumari horretan, espetxe politikari leku «nabarmena» egiteko eskatu diete. «Gai hau estatuaren agendan sartu behar da». Joseba Azkarragak eta Arantza Aldezabalek irakurri dute agerraldirako ondutako agiria.
ETAren jarduna amaituta, espetxe politikak lehengoan jarraitzeak ez duela zentzurik gogorarazi dute. Euskal Herriaz harago, «errepresio gogorrak» Kataluniari ere eragiten diola esan dute eta «erabateko elkartasuna» azaldu nahi izan diete hango ordezkari politiko eta sozialei.
Gogora ekarri dute urtarrilaren 11n Baionan eta Bilbon manifestazioak egingo direla presoen eskubideen alde; joatera deitu dute.