Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Iker Urbina. Amaiurreko Arabako hautetsia

«Madrilen lan pedagogikoa egin beharko dugu, sinergiak sortuz»

Iker Urbinak uste du Amaiurrek Araban diputatu bat lortu izanak erakusten duela herrialdeak «aldaketa politiko eta sozialaren alde» apustu egin duela eta PPk eta PSOEk Araban eraiki nahi zuten «gotorlekua» ahultzen ari dela.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Iker Urbina (Gasteiz, 1977) abokatua Amaiurreko Arabako diputatua izango da Madrilen. Lortutako emaitzak «oso onak» direla dio.

Amaiurrek Hego Euskal Herrian lortutako emaitzak historikoak izan dira. Espero zenituen?

Zalantzarik gabe oso emaitza onak izan dira, bai Hego Euskal Herrikoak, bai Arabakoak. Guk jakin bagenekien bazegoela Euskal Herrian gehiengo sozial bat erabakitzeko eskubidearen, burujabetzaren eta gatazka klabe demokratikoetan konpontzearen alde, baina zaila zen aurreikustea erantzuna zein neurritakoa izango zen. Horren jakitun izanda, kanpainan zabaldu dugun mezua izan da Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea eta burujabetza eskatzen duten herritarren ahotsa izan nahi dugula Madrilen. Uste dut lortu ditugun emaitzakoso onak direla Madrilen lan hori bete ahal izateko.

Arabako diputatua izango zara Kongresuan. Historian lehen aldiz indar ezkertiar, independentista eta abertzale batek eserlekua lortu du herrialdean. Zein balio ematen diozu?

Garrantzi bikoitza ematen diogu eserleku horri. Batetik, Arabanerronka moduan jarri genuen diputatu bat lortzea, eta zalantzarik gabe politikoki esanahi handia dauka horrek. Udal hauteskundeetan lortutako emaitzak berrestera datoz oraingoak, etaAraban aldaketa politiko eta sozial batean gaudela erakusten dute. Bestetik, nazio ikuspegi batetik, aurreneko aldia da Madrilen lau herrialdeak ordezkatuko dituen indar abertzale bat egongo dena.

Kanpainan esan zenuen Arabak unionisten gotorlekua izateari utziko ziola Amaiurren botoari esker. Helburua lortu duzuela uste duzu?

Bai. UrteetanPPk eta PSOEkukazioaren gotorleku bilakatu nahi izan dute herrialdea, etaemaitza hauek erakusten dute gotorleku hori ahultzen ari dela. Argi eta garbi geratu da Arabak bat egin duela Euskal Herri osoan ematen ari den aldarrikapenarekin, ozen eta indartsu. Aldaketa politiko eta sozialaren alde indartsu agertu da Araba, eta horrek izugarrizko garrantzia du une historiko honetan. Hauteskunde hauetan Amaiurrek izan duen xedea izan da Madrilen herri moduan agertzea bi proiekturen arteko talka edo borroka ideologikoa egiteko: burujabetza eta erabakitzeko eskubidearen aldeko proiektuaren eta Espainiako Estatuaren ukazioaren proiektuaren artekoa. Xede hori irudikatu egin da bozetan, eta orain erronka horri heldu behar diogu.

Amaiur hirugarren indarra da Araban, EAJren aurretik. Zein garrantzi ematen diozue horri?

Hasieratik esan genuen gure erronka ez zela EAJrekin lehiatzea. Gure herriaren eskubideen defentsan bozetara elkarrekin joateko aukera eskaini zion Amaiurrek EAJri, baina atea itxi egin zuten jeltzaleek. Guk eskua luzatuta eduki dugu, eta ez diegu erantzun nahi izan haien probokazio edo errespetu faltei. Argi dugu gure arerio politikoa Madril dela, gure herriaren eskubideak ukatzen dituelako. Horregatik, ziur gaude EAJk herri honen eskubideen aldeko apustua egiten badu bidean aurkituko garela. Hori esanda, guretzat benetan garrantzitsuena izan da ahalik eta boto gehien lortzea, Amaiurri emandako boto bakoitzaren atzean herri honen eskubideen alde egiten duen pertsona bat dagoelako. Alde horretatik da garrantzitsua Araban hirugarren indarra izatea, eta ez horrenbeste EAJren gainetik geratzea. Emaitzek balio politiko handia dute Euskal Herrian, eta Mariano Raxoiri deia egiten diogu emaitza hauek behar bezala irakurtzeko eta gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko bidean estatu politikari moduan aritzeko.

Amaiurren zazpi diputatuok zein politika egingo duzue Madrilen? Politika konbentzionala izango da?

Amaiurrek euskal gizartearen aurrean hartutako konpromisoei aurre egingo die, eta horrek Kongresuan parte hartzea eskatuko du. Parte hartzea berritzailea eta eraginkorra izango da hartutako konpromiso horien arabera. Praktikan hori nola gauzatu behar dugun zehaztea dagokigu orain. Eguneroko lanak zehaztuko digu hori. Baina argi izan behar dugu gure asmoa dela Madrilen herri moduan aurkeztea, herriegitasmo batekin, inposatzen dizkiguten beste proiektu batzuei aurre eginez, eta gatazka politikoaren konponketaeta burujabetza eskatuz. Gure lehentasuna Euskal Herria da, eta boomerang efektua lortu nahi dugu: Euskal Herrian eman den botoa Madrildik pasatzea, eta handik indartsu bueltatzea gurera.

Hauteskunde emaitzek indar abertzaleen nagusitasuna islatzen dute. Prozesuak berak duen babesaren isla dira boto horiek?

Azken urte luzeetan eman den joera apurtu da, eta indar espainolistek ez dute lortu Gorteetarako bozetan eskuratu izan ohi duten babesa. Euskal Herriko egungo garai historikoaren sintoma da hori. Herri honetan, ikuspegi desberdinetatik bada ere, hitza eta erabakia eskatzen ari garen seinale da. Eta Espainiako Gobernuak ezin du beste aldera begiratu: gaiari zintzotasunez eta erantzukizunez heldu behar diote,euskal gatazkari konponbide demokratikoa emateko.

Amaiurrek eta EAJk elkar ulertu beharko dute?

Ziur naiz herri honen hitzaren eta erabakiaren alde lan egiten dugunok uneren batean bidean topo egingo dugula, dela EAJrekin edo beste indar politiko batekin. Amaiurren oso argi daukagu Madrilen lan pedagogikoa egin beharko dugula, konbentzitu beharko dugula eta konfiantzak eta sinergiak sortu beharko ditugula indar politiko askorekin. Hori da gure borondatea, eta EAJ bide horretan badago, gure eskua zabalik izango du.

EAEko hauteskundeakaurreratzekoeta Eusko Legebiltzarra berritzeko ordua iritsi da?

Eusko Legebiltzarrean ez daude indar politiko guztiak ordezkatuta, ezker abertzaleari ez zitzaiolako aukerarik eman bertan parte hartzeko, eta, beraz, gizarte honen zati oso garrantzitsu bat hortik kanpo dago. Horregatik bakarrik, hauteskundeetara berriro deitu eta Legebiltzarra berritu beharko litzateke.Eta horri hauteskunde hauetako emaitzak erantsi behar zaizkio. Hortaz, ardura politikoz jardun nahi duenak baditu elementu argigarri franko erantzukizunez jarduteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.