Madrilgo Unibertsitate Autonomoak 'honoris causa' doktore izendatu du Pedro Miguel Etxenike

Madrilen egin dute ekitaldia, aitortza emateko, eta fisikariak defenditu du gaurdanik zientzian inbertsio «sendoagoak» egin eta ikerlari gazteak zaindu behar direla, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Pedro Miguel Etxenike, 'honoris causa' izendatzeko ekitaldian hizketan. MADRILGO UNIBERTSITATE AUTONOMOA
Pedro Miguel Etxenike, 'honoris causa' izendatzeko ekitaldian hizketan. MADRILGO UNIBERTSITATE AUTONOMOA
mikel p ansa
2024ko apirilaren 25a
17:20
Entzun

Pedro Miguel Etxenike zientzialari, DIPC Donostia International Physics Centerreko presidente eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun emerituari aitortza egin diote gaur Madrilen, zientziari eskainitako ibilbide luzean egindako ekarpenak goratuz: Madrilgo Unibertsitate Autonomoak honoris causa doktore izendatu du. Gaurko horrekin, Etxenikek sei honoris causa doktore izendapen jasoak ditu.

Aitortza eskertu egin du Etxenikek, eta aukera erabili du gazteak ikerketara animatzeko: «Gauza txikia izanagatik, zerbait lehen aldiz ikusteko plazera bizi izan duena betiko harrapatzen du aurkikuntzaren uneak, eta zaila izango da aurkitzaileak ikerketa jarduera uztea».

Sormenari buruz ere aritu da, uste baitu «talentu indibidualetik» berez sortzen dela hori, eta ezin dela antolatu: «Bereziki zaindu behar dira ideiak sortzen dituztenak, aberastasuna sortzen dutenak, edertasuna sortzen dutenak. Zientzia politikarik onena, gure gazteentzat, aukera ugari sortzea da».

Zientzialarien lana ezinbestekoa dela, COVID-19aren krisiak hori berretsi zuela, eta etorkizunean ere hori agerikoa izango dela berretsi du Etxenikek; haren ustez, zenbait erronkari aurre egiteko beharrezkoa izango baita zientzia, eta erronka horien artean hauek aipatu ditu: ura, osasuna, ingurumena, goseteak eta totalitarismoen hazkundea.

Inbertsio handiagoa zientzian

Esan du ere etorkizuneko aldaketak aurreikusten oso zailak izango direla, ordea, eta adierazi du «ezagutzaren fronte guztietan» aurrera egin behar dela horietarako prestatu ahal izateko. Horregatik, ohartarazi du etorkizunean zientzian «askoz inbertsio sendoagoa» beharko dela eta ikerlari gazteak zaindu behar direla.

2008ko krisiaz geroztik zientzian inbertitzeari utzi zaiola ere azpimarratu du. Unibertsitateek «behar baino diru laguntza gutxiago» jasotzen dutela eta burokrazia gehiegi dutela ere salatu du. «Sormenaren minbizia da burokrazia».

Etxenikeren ekarpen ugariak eta ibilbidea goratu ditu Fernando Flores irakasleak, haren omenez egin duen laudatio-an. «Zientzian, eta beste arlo askotan, funtsezkoa da ausardia. Pedrok dohain batzuk ditu, eta haien artean daude, dudarik gabe, sormena eta zientzian lortutako arrakasta suspertzeko behar den ausardia».

Floresek gogora ekarri du Cambridgeko Unibertsitateko Cavendish laborategian Etxenikek egin zuen lana, eta horren emaitza gisa argitaratu zuen doktore tesia —Energia partikulen eta gainazalen arteko interakzioa, 1976koa—. Cambridgen 1980ko hamarkadan eta gerora EHUko katedradun gisa hiru hamarkadaz egindako lana ere goretsi du, Etxenike gai izan delako, Floresen hitzetan, ikerketa talde «bikaina» antolatzeko eta nazioartean ospea lortu duen lan bat garatzeko, eta azpiegiturak sortu eta sendotzeko.

Horren adibide gisa aipatu ditu EHU-CSIC Zentro Mistoa, CIC Nanogune eta DIPC bera. «Mundu mailako erreferentea da DIPC», Floresek adierazi duenez: «Urtero 500 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratzen ditu, 25.000 aipamen baino gehiago jasotzen ditu, eta hainbat herrialde eta kontinentetako 200 bisitari zientifiko inguru hartzen ditu».

Eva Ferreira EHUko errektoreak, berriz, nabarmendu du ekarpen «bikaina» egin duela Etxenikek, eta haren alderdi pertsonal batzuk nabarmendu ditu. Esaterako, «ezagutzarekiko grina, eta zientzia eta edertasuna erlazionatzeko kezka» dituela, eta, horrez gain, «hizlari bizigarri eta ausarta» dela: «Beti prest dago belaunaldi berriei zientziarekiko grina transmititzeko».

Sari asko jasoak ditu lehendik ere Etxenikek: Max Planck fisika saria emana diote —nazioarteko aitortza bat—, eta Blas Cabrera eta Asturiasko Printzea sariak ere bai Espainian; Europako Fisika Elkarteko ohorezko kidea ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.